Suspertzaile petoak

Dusko Ivanovicek Baskonia esnatu du lozorrotik, eta gauza bera egin zuen Svetislav Pesicek Bartzelonan duela urte eta erdi. Aurrez aurre izango dira gaur, ACB ligako finalean.

Dusko Ivanovic eta Svetislav Pesic, elkarri eskua ematen, kopa atzean dutela, atzo Valentzian. ACB.
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Enbor beretik sortutakoak dira Dusko Ivanovic (Bjelo Polje,Montenegro, 1957) eta Svetislav Pesic (Pirot, Serbia, 1949). Jugoslavia zaharrean jokalari izandakoak dira, eta entrenatzaile lanari ekin zioten gero, lurralde hartako iturri emankorretatik edanez. Arrakasta handikoak biak, jokalari moduan lehendabizi, eta entrenatzaile ondoren. Balkanetako entrenatzaileen betiko izaerari lotuak biak. Nahiz eta munduan ez diren bi entrenatzaile berdin, antzekotasun handiak dituzte.

Suspertzaile abilak dira. Horretarako deitu zieten oraingo taldeek: Pesici Bartzelonatik jo zioten telefonoa, 2018ko otsailean, noraezean eta alderrai zihoan taldea berpizteko. Azkar jarri zituen martxan jokalariak, eta Espainiako Kopa bereganatu zuen Kataluniako taldeak. Ivanovici hirugarrenez deitu zion Josean Kerejetak iazko abenduan. Aspaldiko Baskonia eskasenak gatza eta piperra behar zituen, beste gauza askoren artean, eta 2000. urtean eta handik zortzi urtera egin bezala, Lazkaoko agintariak aspaldiko lagun zaharraren eskuetan utzi zuen taldea. Ari zen pixkanaka taldea suspertzen, eta COVID-19ak eragindako etena bikain baliatu du jokalariei sinetsarazteko bere estiloarekin mundua jan dezaketela. ACB ligako finalean da Baskonia berriz, duela bi sasoi bezala.

Nortasun handikoak dira biak, eta ez dira jokalariekin ezkondu zaleak. Lanaren truke banatzen dituzte minutuak, eta lan horren muinak badu oinarri taktiko bat edo jokoaren bizkarrezurretako bat: defentsako lana. Zeregin horretan ezkutuan eta ardurak gainetik kenduz ibiltzen den jokalariak jai dauka Ivanovicekin eta Pesicekin. Harekin lan egindakoek Baskoniako entrenatzaileaz esaten dute «justua» dela jokalariekin: lan asko egiten duenari erabateko konfiantza ematen dio. Erasoan, Ivanovicen estiloaren inguruan, atzo bertan eman zuen definizio bat, nork eta Pesic berak: «Ez da batere taktikoa, filosofia zehatzik ere ez dauka, baina oso bertikalak dira haren taldeak, zailak defendatzen». Hala ere, Baskoniakoa zalea da jokalariei eraso bakoitzean zer egin behar duten agintzen, eta Pesicek ere badu antzeko ezaugarria. Biei gustatzen zaie ahalik eta egoera gehien kontrolpean edukitzea. Jugoslavia zaharreko eskolak badu ezaugarri bat: jokalari bakoitzari ondoen datorkion postua aurkitzea pistan. Abilak dira horretan bi entrenatzaileak. Pesicek, adibidez, gero eta gehiago erabiltzen du Adan Hanga jokalari garaia joko antolatzaile lanetan, eta Ivanovicek berritasun taktikoren bat erakutsi du ACB ligako azken fase honetan: pibotik gabe jokatzea hainbat minututan, Tornike Xengelia eta Achille Polonara elkarrekin jarriz. Horrelako iraultzen inguruan aritua da sarritan Pesic, zein iturritatik edan zuen azalduz: «Bere garaian, Toni Kukocen aroan, gazte mailan zuzendu nituen Jugoslaviarekin, eta ohikoa zen joko antolatzailea bi metro garai izatea; hegalekoak, bi metrotik gorakoak, eta pibotak, txikiagoak».

Garaipen zerrenda oparoa

Irabazle petoak dira biak. Berezkoa ez bada, garatzen zaila izaten den lehiakortasuna daukate, datozen lekutik datozelako, batez ere. Asko irabazitakoak badira ere, ez dira ase oraindik, eta ez du ematen adinari ere asko erreparatzen diotenik, gazteak aspaldi izandakoak baitira biak. Palmaresa marrazten jokalari zirenean hasi ziren: Pesicek Europako Kopa bat irabazi zuen Bosna Sarajevorekin 1979an, eta Jugoslaviako Liga eta Kopa bana talde berarekin urtebete lehenago. Ivanovicek bitan irabazi zuen Europako Kopa Jugoplastikarekin 1990ean eta 1991n, eta talde berarekin, hirutan Jugoslaviako Liga, eta behin Kopa. Entrenatzaile gisa, Pesicek Euroliga bat irabazi zuen Bartzelonarekin, eta Munduko Txapelketa Jugoslaviarekin, besteak beste. Ivanovicek Korac Kopa [Limogesekin]eta bi ACB liga ditu [biak Baskoniarekin], besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.