Ordena eta kaosa

Gaurko egunez jaio zen, orain dela ehun urte, Charles Mingus kontrabaxu jotzailea, XX. mendeko jazz musikak eman dituen interprete eta konpositore inportanteenetako bat.

Charles Mingus 56 urterekin zendu zen, 1979an. BERRIA.
mikel lizarralde
2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun

Musika zuen komunikatzeko tresnarik baliagarriena. Literalki. Hitza baino gehiago. Charles Mingusentzat (AEB, 1922-Mexiko, 1979), musika hizkuntza bat zen, zentzu literalean, 1965ean Jazz Magazine aldizkariari emandako elkarrizketa batean aitortu zuenez: «Duela urte batzuk, arazoak nituen ahozko hizkuntza erabiltzeko. Nire ahoak gaizki itzultzen zituen nire pentsamenduak. Orain asko hobetu dut, baina kontrabaxua da oraindik ere, niretzat, komunikatzeko modurik gogokoena. Musikaren bitartez hitz egin dezaket». Emozioak eta hitzak doinu bilakatu zituen jazz musikari estatubatuarra, XX. mendeko musika irauli zuen kontrabaxu jotzaile eta konpositorea, gaurko egunez jaio zen, orain dela ehun urte.

 

Paradoxikoa bada ere, hitzek —eta, batez ere, haien bitartez erakusten zuen hirak— beldurra eragiten zuen musikari bilakatu zuten jazz munduan. Edo musikaren esparruan, berak ez baitzuen onartzen jazz etiketa: «Jazzmen kategoriaren barruan sartzen nauzunean, zuzenean nire lan aukerak murrizten dituzu», adierazi zion, haserre, Jazz Magazine-rako elkarrizketa egin zion kazetariari. «Badakizu zer esan nahi nuen jazz hitzak? New Orleansen, to jazz your lady-k zera esan nahi du: Zure neskari larrua jo. Ez dut nahi inork hitz hori erabiltzea nire musika definitzeko. Horrekin zerikusirik ez duen edertasun lan bat da nire musika!».

Duke Ellington eta gospela izan zituen lehen ikasgaiak Mingusek, eta tronboia eta biolontxeloa aurreneko musika tresnak, baina, beltza izanik, musika klasikoko bandetan lekurik ez, eta kontrabaxuari heldu behar izan zion. 1940ko hamarkadarako, Louis Armstrongekin ari zen jotzen, eta gero batu zen Ellingtonen eta Charlie Parkerren taldeetara.

Nortasun handiko musikaria eta pertsona izanik, ordea, berehala abiatu zen bide propioetatik, eta bere musikan islatu zuen izaera noranahiko hori, iraganari errespetua erakutsiz —beti aitortu zuen bluesak eragina izan zuela bere lanean—, baina bide berrietarako irekia une oro. Horregatik, haren musikan sumatzen da abangoardietara gerturatzeko ahalegin natural bat, baina baita melodiarako gaitasun handi bat ere. Ordena eta kaosa. Baretasuna eta grina.

Kontrabaxu jotzaile gisa egin ezagun, baina idatzitako konposizioek bihurtu zuten Mingus, 50eko hamarkadatik aurrera, jazz munduko musikari estimatua. Hark adierazi zuenez, musika tresna jakinentzat baino gehiago, musikari jakin batzuentzat idazten zuen, eta inprobisazio kolektiboaren aldekoa zen, betiere berak markatutako bideari jarraitzen bazioten.

Bere ibilbide luzean 50etik gora disko grabatu zituen taldeburu gisa —Tijuana Moods, 1962; The Black Saint and The Sinner Lady, 1963; Mingus Plays Piano, 1964; Let My Children Hear Music, 1973; lan esanguratsu gutxi batzuk aipatzearren—, eta bere ibilbidearen amaieran ere segitu zuen lanean, nahiz eta ordurako gaixo egon. Hain zuzen ere, hura hil eta hamarkada batera estreinatu zuten zuzenean Mingusen obrarik handinahienetako bat: Epitaph, orkestra batek zuzendutako bi orduko oratorio bat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.