Aldaera berri bat gehitu du

Jagoba Arrasate joko landuaren alde egiten ari da. Moi Gomez eta Aimar funtsezkoak izan dira estilo berria txertatzeko. Osasunak Valentzia hartuko du gaur gauean Sadarren.

Moi Gomez, baloiarekin, Rayoren aurkako partidan. Aimar Oroz ageri da hari begira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Osasunak berdindu egin du azken bi denboraldietan Santiago Bernabeun. Alta, batak bestearekin zerikusi txikia du. Izan ere, joan den denboraldian atzean sartuta eutsi zion gehienbat emaitzari, eta iragan asteburuan, berriz, baloia oinetan izanda saiatu zen Real Madrili min egiten, tarteka, eta behartuta, beste joko mota bat erabili arren. Luis Fernando Dadie (Pasaia, Gipuzkoa, 1966) Osasunako jokalari ohi eta Radio Euskadiko futbol adituak aztertu du taldeak aurten bere egin duen jokatzeko estilo edo aldaera berria. «Taldearen jokatzeko estiloa aldatu bada, hein handi batean, Jagoba Arrasatek orain horrela jokatzeko jokalariak dituelako aldatu da». Gorritxoek Valentziaren aurka jokatuko dute gaur (21:00), Sadarren.

SISTEMA
Aldaketa gutxi

Lucas Torro eta Jon Moncayola altuera berean ezarriz abiatu zuen denboraldia Osasunak, baina jada 1-4-1-4-1 marrazkira bueltatu da Berriatuko (Bizkaia) prestatzailea. «Sistemari dagokionez, ez dago aldaketa handirik. Garrantzitsuena da zer jokalarirekin jokatzen duzun, sistema aldakorra baita». Moncayola atzerago jartzearen arrazoia ere aipatu du. «Nire ustez, atzelariei pasea emateko aukera bat gehiago eman, eta baloia Moi Gomezengana eta Aimar Orozengana azkarrago iristeko egin zuen. Baina, Moncayola ez zegoen eroso, jokoan gutxi sartzen zelako; joan-etorri gehiago behar du, baloia oinetan duela lerroak gainditzea eta bigarren lerrotik iristea».

Edonola ere, bi aurrelarirekin edo azken lerroan bi jokalari dituela ere aritu da Osasuna. Batik bat, presio aurreratua egitean. «Aimar Chimy Avilaren parean ikusi dugu presioa egiten». Osasunako jokalari ohiak «argi» dauka zer den Jagobak esku artean duen gauzarik onena: «Sistema aldatzeko jokalari aproposak ditu, Jagobari beti gustatu baitzaio sistemak aldatzea. Hiru atzelarirekin ere jokatuko du».

ESTILOA
Joko landuagoa

Sistema ez da asko aldatu, baina jokatzeko modua bai. Trantsizio azkarrei eta joko zuzenari uko egin gabe, joko landua egiteko orduan askoz ere hobeto ari da Osasuna. «Aurreko denboraldian, Sadarren, asko kostatu zitzaion Osasunari atzean sartu ziren taldeei irabaztea». Hori konpontzea zuen helburu kirol zuzendaritzak fitxaketekin, eta lortu du. «Sormen handiagoa duten jokalariak funtsezkoak dira, eta Osasunak, denboraldi honetan, baditu». Ez hori bakarrik; «garrantzitsua» izan daiteke buruz burukoan trebea den jokalari ezberdin bat izatea ere: adibidez, Ez Abde. «Abderekin, aurkaria atzean sartzen denean, korapiloa askatzeko gai den jokalari bat duzu».

Halere, Dadiek ohartarazi du «aldaera garrantzitsu» bat gehitu duela Jagobak, baina Osasunaren jokoaren «oinarria» ez dela posizioko jokoaren bitartez aurkaria «menderatzea». Hala diotedatuek ere: aurreneko zazpi jardunaldietan, Osasunak Cadizen eta Getaferen aurkako partidetan baino ez baitu izan aurkariak baino denbora gehiago baloia.

JOKALARI ERABAKIGARRIAK
Aimar Oroz eta Moi Gomez


Estilo edo aldaera berri hori taldeari emateko Moi Gomez eta Aimar Oroz «ezinbestekoak» izan direla dio Dadiek. «Era berean, taldeak bi jokalari horiekin bat egiteko duen gaitasuna azpimarratu nahiko nuke, Moik eta Aimarrek ez baitute atzeko lerrotik gertu jokatzen. Bi jokalari horiek ez badira etengabe jokoan sartzen, taldeak asko nabaritzen du».

Barrutik jokatzen duten beste jokalarien lana ere goraipatu nahi izan du. «Sergio Herrerak, David Garciak eta Lucas Torrok errendimendu erregularrarekin jarraitzen badute, aurrelarien ekarpenarekin batera, oso talde sendoa ikusiko dugu». Bestalde, atepean «eztabaidarik ez» dagoela uste du: «Postua ondo zainduta dago Herrerarekin eta Aitor Fernandezekin, baina ez dut uste Jagobak, orain, Herrera kenduko duenik». Juan Cruzek taldeari ematen dion «oreka» ere nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.