Gotorlekua edo lehen garaipena

Denboraldiko lehen derbia jokatuko dute gaur Altamiran Ordiziak eta Gernikak. Lehen lerroen lana erabakigarria izango da, Jokin Eskolarren eta Alain Arañaren ustez.

Gernikak eta Ordiziak udan Urbietan jokatutako lagunarteko norgehiagoka. PEDRO URRUTXUA.
Iñaki Berastegi.
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Altamira zelaia gotorleku sendoa da aspaldian Ordizia errugbi taldearentzat. Aurreko sasoian partida bakarra galdu zuen han, eta sasoi honetan jokatu dituen biak irabazi ditu. Berdin dio aurkaria zein den, Iñigo Marotiasen taldearen itxurarik onena etxean ikusi ohi delako. Bartzelonak egin bezala, Gernikak gotorlekuko harresi sendo hori gainditu nahi du gaur, eta Altamiran sasoiko lehen garaipena lortu. Basurdeek ligako orain arteko lau partidak galdu dituzte, eta irabazteko premia larria dute. Gaurå 16:00etan jokatuko dute norgehiagoka, Ordizian (Gipuzkoa).

«Guretzat oso partida garrantzitsua da. Ez bakarrik sailkapenagatik, baita psikologikoki ere,ez baita batere erraza sasoia lau partida galduz hastea. Garaipena ez den beste ezerk ez digu balio. Egoera honetan, partida guztiak final bat dira», azaldu du Jokin Eskolar (Gernika, Bizkaia, 1998) Gernikako jokalariak. Bi garaipen lortu arren, Ordiziak ere ez du esperotako denboraldi hasiera egin. Etxekoak irabazi, baina kanpoan jokatutako bi partidak galdu ditu. «Zaila da denboraldia porrot batekin hastea. Dena den, galdu ditugun bi partidak borrokatuak izan dira, eta, hain ondo jokatu gabe ere, garaipena gertu izan genuen. Taldea oraindik ez dago bete betean, baina pazientzia be-har da. Hobetzen jarraitzen badugu, sasoi honetan zerbait egiteko gai ikusten dugu geure burua», azaldu du Alain Araña (Ordizia, Gipuzkoa, 2000) Ordiziako jokalariak.

Talde bakoitzak bere asmoak ditu. Garaikurrak lortzeko borrokan egon nahi dute gipuzkoarrek; bizkaitarrek, berriz, mailari eutsi nahi diote, igo berriak baitira. Helburu horiek buruan dituztela jokatuko dute gaur denboraldiko lehen derbia. Lehen derbi ofiziala, denboraldiaurrean Gernikako Urbieta zelaian lagunartekoa jokatu zutelako. Ordiziarrak 10-21 nagusitu ziren. «Ez dut uste neurketa horretatik ondorio asko atera daitezkeenik. Ligako lehen neurketak hobeak dira aurkarien analisiak egiteko», esan du Arañak. «Antzeko» partida espero du Eskolarrek: «Lagunarteko hartan, Ordiziak guk baino jokalari gehiago zituen, eta hori nabaritu genuen. Lehia parekatua izan zen, eta oraingoa are parekatuagoa izango dela iruditzen zait».

Uda sasoiko norgehiagokarekin alderatuta, baina, bada aldaketa nabarmen bat: zelaia. Urbietako belar naturalean jokatu zen orduan, eta Altamirako belar artifizialean jokatuko da gaur. Etxean jokatzeak «konfiantza handia» ematen dio taldeari, Arañak aitortu duenez; are gehiago zaleak harmailetara bueltatu direnetik: «Etxean jokatzeak segurtasuna ematen digu, nahiz eta etxean eta kanpoan planteamendua bera den. Altamiran oso talde ziurra gara. Han jokatutako bi neurketak bigarren zatian bideratu ditugu». Horren jakitun daude Basurdeak. «Altamira zelai oso gogorra izan da beti. Gainera, Ordiziak nabarmen hobera egin du azken urteetan. Baina euskal derbi bat da, eta bereziki motibatuta gaude, nahiz eta dugun irabazteko beharra nahiko motibazio baden. Zaila den arren, garaipena lortzeko esperantza dugu», azpimarratu du Eskolarrek.

Aurrelarien partida

Lehen lerroko jokalarietan egon daiteke gaurko norgehiagokaren gakoa. «Baloia eta jokoaren ekimena izan behar ditugu. Gure aurrelariak oso ondo ari dira, eta partida alde edukiko dugu gure lehen lerroa nagusitzen bada». Arañarekin bat dator Eskolar. «Lehen lerro indartsua dugu bi taldeek. Gurea oso ondo ari da, aurrelari gogorrak ditugu, eta bertikalean jokatzen dugu. Hortaz, aurrelariekin abantaila izan genezake. Erabakirik onenak eta intentsitate handi erregularrena duenak irabaziko du derbia».

Setioari eutsi edo gotorlekua suntsitzeko, zaleak ere garrantzitsuak izango dira. Hala uste dute, behintzat, bi jokalariek: «Gernikatik beti jende asko joan izan da Ordiziara. Espero dugu, inoiz baino bultzada handiagoa behar dugun honetan, ahalik eta jende gehien joatea», dio Gernikako jokalariak. Bultza egiteko gogoz izango dira etxeko zaleak ere. «Oso derbi polita da. Larunbat arratsaldean izanik, ziur zale ugari etorriko direla Altamirara. Zaleek asko laguntzen digute, eta beste garaipen bat lortzeko gogotsu gaude», gehitu du Arañak. Setiatuak edo setiatzaileak irabazi, borroka polita ikusi ahal izango da Altamirako zelaian, derbian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.