Sanferminak

Itzaletan dauden lanak

Sanferminetan kale saltzaile anitz ibiltzen da karrikan lanean. Azaldu dutenez, pazientzia handia behar izaten dute, eta lan gogorra izaten da. Aurten gutxi saltzen ari direla esan dute.

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Itzala eta eguzkia. Sanferminetako dikotomia ohikoa izaten da. Batzuek nahiago dute bermutean eguzki izpien goxoa, eta besteek gerizpearen babesa. Bestondoa hobeki pasatzen da itzaletan, eta fresko daudenek har dezakete eguzkia. Zezen plaza ere bitan banatzen da: eguzkia eta itzala. Bestelakoak ere bai: badira argi ikusten diren lanak, eta badira itzaletan lanean aritzen direnak. Bigarren multzokoak dira kale saltzaileak. Normalki ikusezin, jendearen oharkabean aritzen dira bestazaleak objektuz hornitzen. Ez dute urte ona izan aurten.

Goizez ez dira asko karrikara saltzera ateratzen direnak, baina eguerdian ugarituz doaz langileak. Bermutaren ordua da, eta jende gehiago biltzen da karriketan. Sumatzen da non diren bestazaleak, han baitira kale saltzaileak ere: Estafeta, Nabarreria, Jarauta, San Frantzisko, Kale Nagusia eta San Nikolas. Azken-aurreko eguna da, eta nekea sumatzen da saltzaileen begietan. Bero egiten du, eta itzalaren atzetik dabiltza asko. Batzuk toki batean geldi, beste batzuk karrikaz karrika, peñetan eta ostatuetan sartu-irtenean, bezeroen atzetik.

Nabarreriako iturrian, eguzkitan dago ilea urdintzen hasia zaion kale saltzaile bat. Begietan sumatzen zaio nekea; baita hitzetan ere: «Aurten oso gaizki saltzen ari da, oso jende gutxi dagoelako. Egia esan, oso nekaturik nago jada». Egun bakarra falta du Iruñean. Ondoren, Zaragozara (Espainia) joanen da, handik Tuterara (Nafarroa), eta gero beste herri batzuetara. Denetarik du: eguzkitako betaurrekoak, abanikoak, eskumuturrekoak, txapelak... Abanikoak beharrezkoak dira, 30 graduak aise gainditu baitira Iruñean. Hala ere, horiek ere ez ditu asko saldu. «Bero handia egiten du, eta horrek are gehiago nekatzen du. Baina, tira, gutxi falta da».

Ez da askorik saldu

Kale Nagusiaren eta San Lorentzo karrikaren artean beste kale saltzaile bat dago, jarrita. Salgaiak erakusgai ditu maindire zuri baten gainean. Hark ere esan du gutxi saltzen ari dela. Pintxo bat jaten ari da, indarrak bildu behar baitira egun osoko lanari aurre egiteko. Ez daki ongi gaztelaniaz, baina aise moldatzen da bezeroekin. Han eta hemen, kale saltzaileak binaka eta launaka ikus daitezke eguerdian, itzalaren babesean atseden hartzen.

Samba Baldeh gambiar gazteak azaldu du nolakoa izaten den lan hori. Iruñean bizi da, eta karrikan saltzen du. Sanfermin hauetan soilik lehenbiziko bi egunetan atera da, ikusi baitu ez dagoela lan askorik. «Aurtengoak ez dira lehengoak bezala; jendeak ez du erosi nahi. Urte zaila da, krisi urtea delako, eta jendeak ez du diru askorik. Ezagunek lagundu nahi gaituzte, baina ezin digute egunero erosi», azaldu du. 2017tik aritu da Iruñean karrikan saltzen, eta aldea nabarmena da: «Oso urte onak izan ziren pandemiaren aurrekoak; aurten jende gutxiago ikusi dut». Ez hori bakarrik: urte haietan gazteak, helduak eta zaharrak bat eginda ikusten zituen Baldehk; aurten, batez ere gazteak ikusi ditu, eta hori sumatu egiten da saltzeko tenorean ere.

Pazientzia da karrikan saltzeko ezinbesteko dohaina. «Pazientzia handia behar duzu; bestela, ezinezkoa da. Eta, gero, indarra ere behar duzu hainbeste ordu aguantatzeko». Mozkorrekin aritzea egokitzen zaie sarri: «Horrelakoetan hobe da kasurik ez egitea; mozkorrak dira, eta hobe duzu zurean jarraitu». Beste batzuk saiatzen dira prezioak jaisten: «Agian euro bat balio duen zerbait duzu, eta esaten dizute hiru edo bost emateko euro baten truke. Ez dut atsegin, baina tira, molestatu ere ez dit molestatzen». Batzuentzat josteta da negoziazioa: erosteko asmorik ez dute. Baina kale saltzailea lanean ari da, ez jokoan.

Baldehk azaldu duenez, karrikako lanekin ez da diru askorik biltzen. «Salmentarekin ezin duzu bizitzeko adina eskuratu, baina janaria erosteko balio du. Afrikako jende asko dago karrikan saltzen, ez dutelako diru eskean aritu nahi», esan du. «Baina ez baduzu lanik edo ez baduzu paperik lan bat eskuratzeko, hau bide bat da sosak eskuratzeko».

Beste zailtasun bat kuadrillengana jotzea dela kontatu du Baldehk: «Bihotz handia behar duzu, psikologikoki ez baita oso ona: etengabe ezezkoak jasotzen baitituzu». Esan duenez, ezezkoa jasota, nahiago du berriz ez eskatu. Irekia denez gero, jende asko ezagutzen duela kontatu du, eta horrek errazten dizkio lanak. Gainera, aski ongi daki nola funtzionatzen duen negozioak: «Honek nola funtzionatzen duen baldin badakizu, errazagoa da saltzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.