Justizia errestauratiboaren estrategia irailean jarriko du martxan Jaurlaritzak

Artolazabalen hitzetan, hainbat programa «biktimen arretara eta biktimarioen birgizarteratzera» bideratuta egonen dira

Eusko Jaurlaritzako eta espetxeetako arduradunak Basauriko kartzelan. MIGUEL TOÑA / EFE.
Isabel Jaurena.
2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalen erranetan, sistema penal arruntaren «osagarri» gisa funtzionatuko du 2022-2025 aldirako Justizia Errestauratiboaren Euskal Estrategiak, «justizia errestauratiboak aukera ematen duelako biktimek eta biktimarioek delituaren ondorioei elkarrekin aurre egiteko».

Iragan apirilean iragarritako estrategia irailetik aurrera jarriko da martxan. Hala baieztatu zuen Artolazabalek atzo egindako agerraldian. Hiru lerro estrategikoz, hemezortzi helburuz eta 82 ekintzaz osatutako estrategia da. Dokumentua osatzeko, biktimen kolektiboekin, gizarte erakundeekin eta arloko adituekin egin du lan Jaurlaritzak.

Estrategiaren barruan hainbat programa egonen dira, Artolazabalek adierazi zuenez, «biktimen arretara eta biktimarioen birgizarteratzera» bideratuak. Delitu, biktima mota eta biktimarioaren araberakoak izanen dira.

Programa horietan parte hartzea ez da derrigorrezkoa izanen; nahi duenak ematen ahalko du izena. Artolazabalek adierazi zuenez, jardueretan parte hartzeko aukera izanen dute bai espetxe zigor luzeak dituzten pertsonek eta baita ETAko kide izateagatik kartzelan dauden horiek ere. Indarkeria matxistagatik kartzelan daudenen kasuan, ordea, salbuespenak egonen dira.

Justizia Errestauratiboaren Estrategiak «elkarbizitza hobea» izaten lagundu dezakeela adierazi zuen Artolazabalek, delituren bat egin duten pertsonek horren gaineko «ardura» hartzeko aukera izanen baitute.

Foroaren sorrera

Estrategian, gainera, Euskadiko Justizia Errestauratiboaren Foroaren sorrera ere aurreikusten da. Eztabaida gune horren zeregina aholkularitza eta laguntza ematea izanen da. Bertan parte hartzen ahalko dute, besteak beste, epailetzak, fiskaltzak eta biktima nahiz biktimarioekin lan egiten duten hirugarren sektoreko taldeek.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kartzelen egoera «hobetzeko» lan egin behar dela adierazi zuen atzo Artolazabalek. Izan ere, joan den ostegunean Basauriko espetxean (Bizkaia) izandako liskar batek zazpi zauritu utzi zituen.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzeletako egoera «ez da larria», haren erranetan. Hala ere, aitortu zuen langileen «gabezia» badagoela. Neurriak hartu dituzte lan poltsa batera deitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.