Derbia, Athleticentzat, eta Realaren eta Alavesen garaipenak

Athleticeko eta Eibarreko jokalariak lehian, atzoko partidan. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Bigarren zatian hobea izanda, Athleticentzat izan zen atzo Eibarren aurkako derbia, Unben: 1-2. Yulemak 90 minutuan sartu zuen zuri-gorrien garaipenaren gola. Hala, etenaldi osteko itzulera gozoagoa izan da bizkaitarrentzat.

5. minutuan, Athleticek aurre hartzeko aukera argia izan zuen.Elbak zangotrabatu egin zuen Lucia Garcia, eta epaileak penaltia adierazi zuen. Luciak berak jaurti zuen, baina Malenak geratu egin zion. Athletic nagusi izan zen hurrengo minutuetan ere, eta saria jaso zuen 27. minutuan, aldaratze bat baliatuz, gola sartu baitzuen Ainize Barea Peke-k, zuri gorriekin lehena. Eibarrek ondo erantzun zuen. Lehenbizi baloi bat bidali zuen zutoinera, eta 38. minutuan berdinketaren gola sartu zuen Arolak.

Eibar hobea izan zen bigarren zati hasieran ere. Baina Athleticek ondo eutsi zion, eta minutuak aurrera egin ahala behera egin zuten etxekoek. Hori ederki baliatu zuten zuri-gorriek, pixkanaka etxeko taldea atzean sartzeko. Hala ere, azkenean korner batean sartu zuen Yulemak 1-2koa, buruz, Athleticek geldikako jokaldietan duen indarra berretsiz.

Realak eta Alavesek ere atzo jokatu zuten, eta bi taldeek garaipena lortu zuten. Hala, orain arte jokatutako hiru partidak irabazi dituzte. Gipuzkoarrek 2-0 hartu zuten mendean Sevilla Zubietan. Partida bezperako agerraldian, Natalia Arroyok adierazi zuen pazientzia izan beharko zutela Espainiako taldea mendean hartzeko, eta jokoa ondo landu beharko zutela. Ez zebilen oker. Lehen zatian, bere jokalariak nagusi izan ziren. baina Sevillak lan ona egin zuen defentsan, eta arrisku aukeraren ere sortu zuen Elene Letek zaintzen zuen ate aurrean.

Bigarren zatian txuri-urdinek nagusi izaten segitu zuten, joko bizi eta zuzena eginez, eta neurketaren agintea edukita. Oraingo honetan golak iritsi ziren. LehenaNicartek sartu zuen bere atean, 61. minutuan, eta bigarrena Franssik, Amaiurren pase on bat aprobetxatuz 73.ean.

Emaitza bera lortu zuen Alavesek Vila-realen kontra, etxean. Denboraldi hasierako ezustea izaten ari da Mikel Cresporen taldea. Igo berria izan arren, oso joko ona egiten ari da, eta sailkapenaren puntan da Realarekin eta Bartzelonarekin batera, partida guztiak irabazita. Arabarren golak Ohalek (21. min.) eta Naimak (87. min.) sartu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.