Sandra Piñeiro

Urak ez dira beti bare

Sufrimenduaren oinazean kateatu, eta elikadura nahasmendua izan du Sandra Piñeiro Orioko arraunlariak. Inguruko jendearen babesari esker zulotik ateratzea lortuta, prozesuan bizitako egoerak liburu batean bildu nahi ditu, tabutzat jotzen den gaixotasuna normalizatzeko xedez.

AITOR ARRIZABALAGA / TKE.
Mikel O. Iribar.
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Jaiotzetik du lotura arraunarekin Sandra Piñeirok (Boiro, Galizia, 1996). «Bizitza» da harentzako. «25 urterekin arraunean banago, asko ematen didalako izango da». Arraunaren erroek egiten dute kirol diziplina «berezi». «Hori bai, arrauna benetan gustatu behar zaizu; bestela, jai duzu». Gaztetxoa zela jesarri zen lehendabizikoz tostartean Piñeiro, Cabo da Cruz arraun elkartean. 2018ko udazkenean, sorterria atzean utzi eta Oriora (Gipuzkoa) zihoan olatua hartu zuen. Hirugarren denboraldia du aurtengoa.

Pertsona «irekitzat» du bere burua Piñeirok. «Kirolean, berriz, perfekzionista, konformagaitza eta exijentzia handikoa naiz. Are, txikitatik kirolaria izateko gaitasuna dudala erakusteko, %100 eman beharrean, %120 eman behar izan dut». Sufrituz gozatzen omen du eliteko kirolariak, baina muturreko bi aldeak marraren gainean orekan mantentzeak badu bere muga. Piñeirok «erabateko desoreka» bizi izan du. Sufrimendura jauzi zen.

Orioko arraunlariak gogora ekarri ditu lehen bizipenak: «Oinazean kateatu nintzen. Ez banuen neure burua zigortzen eta oinazerik sentitzen, ez nuen ontzat ematen». Cabon zegoela, beti amestu izan zuen noizbait Euskotren liga eta Kontxako Bandera irabaziko zituela. «Orion ametsa bete nuenean, momentu zoriontsuak bizi izan nituen, baina zoriontasun horretan neure buruak esaten zidan: 'Ametsa betetzean, biziko nuen sentipen hori ez naiz bizitzen ari'». Perfekzioaren mamuak ere sartu zitzaizkion buruan. «Ez zen irabazi ala galtzea, perfektu egitea baizik. Baina ezer ez da perfektua, eta hor nuen arazoa».

Arazoa, baina, handituz joan zitzaion Piñeirori. «Kirolari batek errendimendu ona emateko jaten duena zaindu behar duenez, aitzakia hori hartuta, elikadura gero eta gehiago murriztuz joan nintzen». Etxetik kanpoko otorduetara joateari utzi zion aurrena, eta, ondoren, dieta murrizten hasi zen. «Momentu batean, entsalada eta lau fruta soilik jaten nituen. Halere, neure buruak ondo egiten ari nintzela esaten zidan». 2016. eta 2017. urteetan hasi zen elikadura nahasmendua pairatzen. «Baina, orduan ni ez nintzen inolaz ere ohartzen, eta ingurukoek ere ez zidaten ezer esaten; agian, gaia delikatua zelako».

Ohartzerako, ordea, osasunean ondorio kaltegarriak jasaten ari zen Boirokoa; barrua txikitua zuen. «Analisiak oso gaizki nituen; bi urte neramatzan hilekorik gabe; umore txarra nuen; ohartu gabe, apurka-apurka, nire gorputza itzaltzen ari nintzen... Ez zegoen atzera-bueltarik».

Duela urtebete jabetu zen bizitzen ari zenaz. «Islatu egin nintzen, eta orduan jabetu nintzen. 'Zerbait gaizki dago hemen'». Ingurukoei laguntza eskatu zien, «beldurrez». «Bizitzen ari nintzena esategatik gaizki sentituko nintzela pentsatzen nuen, baina ez zen hala izan. Nire barrua guztiz hustu, eta bizkarrean nuen motxila astuna arinduz joan zitzaidan». Behin egoera onartuta, ACABEra —Anorexia eta bulimiaren aurkako elkartea— joan zen. «Han ezagutu nuen nire psikologoa, eta oraindik ere harekin jarraitzen dut».

«Anorexia nerbiosoa» diagnostikatu zioten Piñeirori, baina arraunlariak ez ditu etiketak gustuko. «Gizarte honetan, gaixotasuna jasaten ari denari etiketa jarri ohi zaio: 'Anorexikoa zara'. Ni ez naiz anorexikoa. Ni Sandra naiz, baina arazo bat dut, eta konpondu beharra dut».

Orain «hobeto» sentitzen da, baina baditu bere «gorabeherak». «Egun batzuetan triste egoten naiz». Baskulak oraindik errespetua ematen diola aitortu du. «Zenbakiekin obsesioa dut. Denbora asko daramat neure kabuz baskularen gainean jarri gabe. Eta pisatzen banaiz, ondoan nire jarraipena egiten ari direnentzako da. Eurek soilik dakizkite nire datuak». Sendatze prozesua luzea den arren, baikor mintzo da: «Garrantzitsuena jarrera ona eta indarra edukitzea da, eta horiek baditut. Bide onetik noa». Tratamenduan idazteak asko lagundu dio. «Irekia naizen arren, asko kostatzen zait barnekoa azaleratzea. Neure burua ulertzeko ere asko laguntzen dit idazteak».

Isiltasuna apurtzea du xede

Maite dituenei kontatu ondoren, urrats bat gehiago egitera ausartu zen: beldurrak eta zalantzak uxatu, eta 25 urte egin zituen egunean sare sozialen bitartez jakinaraztea erabaki zuen. Gaixotasunaren berri eman bakarrik ez, liburu bat argitaratzeko asmoa zuela ere iragarri zuen: Remando en la oscuridad [Iluntasunean arraunean]. «Nik bizi izan dudana eta bizitzen ari naizena kontatuko dut. Elikadura nahasmenduari buruz hitz egitea tabua denez, arazoa duenak lotsa, segurtasunik eza, beldurra… izaten ditu. Geure burua zomorro arrarotzat hartzen dugu. Nik gai hori normalizatu egin nahi dut, eta isiltasuna apurtu».

Liburua argitaratu ahal izateko, finantzaketa kolektibo bat jarri zuen martxan, eta sekulako arrakasta izan zuen. «2 orduan lortu nuen behar nituen 1.200 euroak». Jendearengandik jasotako babesagatik oso eskertuta sentitu da.

Piñeirok azaldu duenez, elikadura nahasmendua duten kirolari asko daude egun: «Tartean arraunlariak. Egoera bera bizitzen ari diren hainbaten mezuak jasotzen ari naiz etengabe». Horrelako testigantzak emakumeen ahotik entzun izan ohi dira usu. Eta gizonezkoen ahotik zer? «Haiek ere jasaten dute, baina isilik egoten dira. Maskulinitatearen eta gizon gogorraren pean daude. Tabu baten barruan beste tabu bat dago».

Orioko Arraunketa Elkartean «etxean» bezala sentitzen da Boirokoa. «Guztiek lagundu didate zulotik ateratzen: taldekideek, Xantik [Zabaleta entrenatzaileak], laguntzaileek, kirol medikuek...Kirol arlotik kanpo, giza kalitate bikaineko jendea da; familiaren parekoa». Arraunlaria izateaz gain, gaztetxoen entrenatzailea da Piñeiro. Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako ikasketak eginda, etorkizunean, elikadura nahasmenduaren eta kirolaren arteko loturaren inguruan lan egitea gustatuko litzaioke. «Eta hilabete eta erdiko etenaldian, munduan barrena bidaiatu. Biziki maite dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.