Erik Gartzia. Egunean Behin-eko, ETBko finalaren irabazlea

«Bezperan deitu zidaten finalera gonbidatzeko»

Egunean Behin jokoaren zortzigarren denboraldia etxetik irabazi zuen Gartziak. Astearteko finala, berriz, ETBko platoan bertan jokatuta irabazi du, hamar galderak asmatuta.

ETB.
urtzi urkizu
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Kazetaria da Erik Gartzia (Errenteria, Gipuzkoa, 1984). BERRIAko erredakzioan aritu zen 2008ko udaberritik 2009ko udazkenera, eta, orduz geroztik, Oarso Bidasoko Hitza-n ari da erredaktore.

Zorionak! ETB1eko zuzeneko finala prestatu al zenuen?

Egia esan, ez nuen batere prestatu. Bezperan deitu zidaten saiora gonbidatzeko, eta, hasieran, pentsatu nuen adarra jotzen ari zirela. Gainera, Top10-ean sartzeko aukerak galdu nituen duela pare bat aste, eta azkeneko partidak protokoloa betetzeko egin ditut.

Aurreko finalean aipatu zenuen aje egunetan Wikipediari begira aritzen zinela, eta hori izan zela gakoa denboraldia irabazteko. Wikipediarik gabeko galderak badaude, ordea, jokoan...

Gauza asko irakurri zalea naiz; batzuetan, etena egin, eta neure buruari galdetzen diot ea zer ari naizen 2006ko Herbehereetako bozen emaitzak irakurtzen, adibidez. Prentsa txikitatik irakurri dut, Egin zena. Ia guztia xurgatzeko dohaina omen dut. Aurreko finalaren ondoren, Juan Luis Zabala adiskideak esan zidan gakoetako bat nire memoria zela. Bestalde, asteartean Nikaraguaren galdera izan zen zailena. Buruko artxibategiak, baina, bizkor egin zuen arkeologia: gurasoek etxean zuten egutegi bat etorri zitzaidan burura. Komite Internazionalistena edo Askapenarena zen: Nikaraguako mapa zen, marrazkitxo politekin.

Ez da erraza telebistako plato batean hamar galderak zuzen eta bizkor erantzutea. Etxean jokatzen duzunean superstizioak dituzu, baina fokuen azpian…?

Ikaragarrizko siesta egin nuen egun horretan, planetaren ardatza mugiarazten duten horietakoa. Ohiko superstizioak bete egin nituen: goizean, 11:11 zirenean, ordularia ukitu nuen. Horrez gain, ez dakit telebistan ikusiko zen, baina atrileko papertxo guztiak baztertu egin nituen, oztoporik ez izateko.

Errenteriako alkateak mezu bat jarri zuen Twitterren, zure garaipena aipatuz. Iruditzen zaizu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarena iritsiko dela?

Uste dut udaletxean harrera egiteko eskaerak akuilatu zuela Aizpea Otaegi alkatearen mezua; aspaldiko txantxa da Twitterren. 2022ko Madalen jaiak ospatuko direla dirudienez, txupinazoarekin ere konformatuko nintzateke. Iñigo Urkulluk zoriontzea polita izango litzateke, baina baita Maria Txibitek eta Jean-Rene Etxegaraik ere, Egunean Behin-ek nazio kohesioari egiten dion ekarpenaren erakusgarri.

Herrian harrera batekin bainoago, etxe aldaketa betean harrapatu zaitu finalaren biharamunak. Hori ez al da Egunean Behin irabaztea baino nekezagoa?

Etxe aldaketak egiteko ez da inor jaiotzen; bihoakie txalo bat halakoetan aritzen diren langileei. Etxe aldaketa bukatzeko unea, zinez, Egunean Behin irabaztea baino orgasmikoagoa da.

ETB1eko finaletara bitan joan zara. Esan zenuenez, ez zara gehiago joango, irabazi baituzu. Xabier Sukiak noizbait ezin badu, aurkezlearena egingo zenuke?

Ez litzateke intrusismoa izango, titulua badaukadalako. EHUn kameren aurrean jarri behar genuenean, beti tokatzen zen grebaren bat, eta ez nago trebatuta... Baina ez nioke muzin egingo.

Jokatzen al duzu boladan dauden beste jokoetan: Wordle, Barrexerka…?

Barrexerkan ez, ohartarazi baitzidaten oso adiktiboa zela. Wordlen bai, sei hizkuntzatan. Sailkapenik balego, hor ez nuke Txapeldunen Ligako posturik usaindu ere egingo. Hara! Gaurkoa egitera noa!

Egunean Behin-eko hamargarren denboraldia irabazteko faboritoetako bat zara. Apusturik egingo al dute zure alde?

Dirurik ez jokatzeko esango nioke jendeari. Nik goia jo dut; orain, besteen txanda da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.