Matthew Claudel. MITeko ikertzailea

«Euskal Silicon Valley honen istorioa kontatu behar dugu»

Teknologiak hirian duen eragina aztertzen du Massachusettseko Teknologia Institutuko adituak. Arrasate ikertuko du datozen hilabeteetan, ikasitakoa AEBetara eramateko.

Edu Lartzanguren.
Arrasate
2018ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Matthew Claudel (Kalifornia, AEB, 1990) arkitektoa eta diseinatzailea da. Teknologiaren eta hiriaren arteko harremanak ikertzen ditu, Massachusettseko Teknologia Institutuan. MITDesignX programa sortu zuen eta Hiri Berrikuntzako taldeko burua da. Googlen eman izan ditu hitzaldiak, eta Munduko Ekonomia Foroak «munduari forma» ematen dioten gazteen sarean sartu du.

'Big data'-ren sasikumeak dira munduko hainbat hiritan perretxikoak bezala agertu diren patinete elektriko enpresak. Eztabaida handia sortu du horien negozio ereduak. Zer deritzozu fenomenoari?

Asko jarraitu dut gaia, besteak beste, gatazka handia sortu duelako bizi naizen lekuan, Cambridgen [AEB]. Bird izeneko enpresa batek gauetik goizera jarri zituen kaleetan. Udalak eskatu zien kentzeko, baina ez zuten jaramonik egin. Beraz, udala patineteak bahitzen hasi zen. Borroka dago auzitegietan oraindik, horren kontura, bezero sarea lehiakideak baino lehen harrapatzeko negozio ekinaldi erasokorra erabiltzen ari diren patinete enpresen eta aginte publikoaren artean. Zer tresna dituzte hiriek horiek gelditzeko edo horiekin lan egiteko? Hori galdera interesgarria da. Bigarren kontu interesgarria enpresa horien inguruan: sari sistemak eratu dituzte, herritarrek beraiek karga ditzaten patineteak: pare bat dolar [dolar 1=0,8 euro] ematen dizkiote jendeari gauean patinetea etxera eramateko, eta han kargatzeko. Hiri askotan, diru sarrera egonkorrik ez duen jendea ari da lan hori egiten. Ekonomia berezia sortzen ari da, latak txanponen truke jasotzen dituztenekin bezala. Uste dut eztabaidatu behar dugula gizarte gisa halako ekonomia bat nahi dugun ala ez. Baina kezkatzen naiz teknologia enpresa bat teknologia bati halako ideia politiko eta kulturala txertatzeko gai denean.

Zer egin beharko lukete hiriek halako kasuetan?

Arazoa da ez dutela tresnarik, esaterako Airbnb bezalako baten aurrean aritzeko. Udalentzat oso zaila da Interneteko plataforma batek egiten duena kontrolatzea. Ez dute horretarako ahalmen teknikorik, ezta legezkorik ere. Beraz, nire ustez, ez genuke indarra galdu behar teknologia konpainien aurkako borrokan. Erantzun okerra da hori, tentsio gehiago sortzen duelako harremanean. Nire ustez, teknologia konpainiak konbentzitu behar ditugu haientzat hobe izango dela epe luzean hiriekin lan egitea, eta hiritarrekin, aktiboki; eta gauza bera alderantziz. Oso zaila izango da ikuspuntu berri hau eraikitzea, baina merezi duela uste dut.

Arrasateko eredua ikertzen ari zara. Zer hirigintza, gizarte eta teknologia eredu ikusten duzu hemen AEBetara eta mundura eramateko modukoa?

Elkartasuna, konfiantza, eta etengabeko eraberritzean oinarrituriko eredua. Printzipio horiek izugarri garrantzitsuak dira, erakusten dutelako enpresa bikaintasuna ez dela zertan egin gizartearen eta elkartasunaren lepotik. Ikuspuntu erabat ezberdina da, eta ezinbestekoa da teknologiaren inguruko diskurtsoan. Egia esaten badizut, inork ez du Arrasateko kontua ezagutzen munduan. Silicon Valleyra edo Bostonera [AEB] joaterik badugu esanez, ei! badago gauzak egiteko beste modu bat, enpresak egituratzeko, ekonomia ulertzeko, irabaziak banatzeko eta etengabeko berrikuntzaz pentsatzeko. Hori sekulako aukera bat da, eta ez da behar adina ezagutzen.

AEBetako neoliberal norberazaleak konbentzitzeko itxaropenik baduzu?

MITko egitasmo honetan hasi nintzenean, nire lankide asko enpresa ikasketetik zetozen. Azaltzen zidatenean nola irakasten dieten enpresagintza, ikusi nuen oso enpresagintza ikuspegi zehatza zela. Tresna baliagarria da, bai, baina ez da bakarra. Enpresa bat nola egituratu behar den barneratuta dute, start up konpainiaren mitoan oinarrituta. Enpresa guztiek ez dute zertan saiatu hurrengo Facebook izaten. Adarbakarraren mito horrek ez dio onik egiten munduari. Beraz, euskal Silicon Valley honen istorioa kontatu behar dugu. Zuk aukeratzen duzu zein negozio eredu eraki nahi duzun, baina jakin behar duzu bat baino gehiago daudela. Jendeak bere buruari galdetu behar dio zein ekarpen egin nahi dion munduari. Hori galdetzen badute, beharbada, eredu uniformea ez den beste erantzun bat topatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.