Koronabirusa. Eragina ekonomian

Madrilek kaleratzeak zailduko ditu alarma egoerak iraun bitartean

Enpresek ezingo dute argudiatu arazo ekonomikoak dituztela COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurriengatik. Espainiako Gobernuak aldi baterako erregulazioak lehenetsi nahi ditu horrela

Slavador Illa Espainiako Osasun ministroa, Maria Jesus Montero Ogasunekoa eta Yolanda Diaz Lanekoa, atzo eginiko agerraldian. EFE.
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian lan bat dutenek arnasa pixka bat hartu ahal izango dute egunotan. Lanpostua ez dute galduko, edo zailagoa izango da hori gertatzea, Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoerak iraun bitartean behintzat. Langileak kaleratzea oztopatzeko neurria iragarri du gobernuak, eta, jakinarazi duenez, kontratu mota guztietako langileei eragingo die. Horren arabera, enpresek ezingo dute argudiatu COVID-19agatik eta horri aurre egiteko hartutako neurriengatik arazo ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edota ekoizpenekoak dituztela langile bat edo batzuk kaleratzeko, aldi baterako erregulazioen kasuan ez bezala.

Argudio horiek ezingo dituzte arrazoi objektibo gisa erabili inor lanik gabe uzteko. Era berean, gobernuak agindu du larrialdi egoerak iraun bitartean indarrean mantentzeko aldi baterako kontratuak —prestakuntzakoak, errelebokoak eta bitartekoak barne—.

Halaber, denbora horretan kontratu horiek amaitzen badira, horien iraupena luzatu egin beharko dute enpresek. Alegia, martxo amaieran amaitzen zutenei, kontratua luzatu beharko diete, gutxienez alarma egoera kendu arte. Halaber, ezingo da kontuan hartu larrialdi garaian lanean edo ez emandako denbora, ezta garai horretan lan egin behar zuten eta egin ez duten aldizkako langileen kasuan ere. «Hau parentesi bat da guztiontzat», azpimarratu du Yolanda Diaz Lan ministroak.

Kaleratzeak debekatuz, Italian duela aste batzuk hartutako erabakiarekin bat egin du Madrilek. Horretarako, alarma egoera arautzen duten ezohiko neurrienerrege dekretua garatuko du; «klausula» bat gaineratuko du, Diazen hitzetan. Eta aldi baterako erregulazioak errazteko hartutako neurriaren interpretazioa egin du horretarako. «Ezin da kaleratzerik egon, [dekretu horretan] mekanismo zabala ezarri dugulako enpresek aldi baterako erregulazioei heldu ahal izateko», adierazi du Diazek.

Gobernuaren asmoa da, beraz, enpresek hartzen duten doikuntza neurri oro lana etetearen bidetik egitea, aldi baterako erregulazioen bidez. Enpleguari eutsi nahi dio horrela.

Dekretuaren arabera, alarma egoerak iraun bitartean, enplegu erregulazioak egin nahi dituzten enpresek argudiatu ahal izango dute kaleratzeak egiteko argudiatu ezin dutena, eta beharginak langabeziara bidali, baina aldi baterako. Denbora horretan, kotizazio oinarriaren %70 adinako saria gobernuak ordainduko dio langileari, eta ez du ohiko langabezia saria agortuko. Kontratu mugagabea zein behin-behinekoa duten langileei ezarri ahal zaie neurria. Eskatutako denbora amaitzean —alarma egoera kentzean, oraingo kasuetan—, enpresek berriz hartu beharko dituzte langileak.

Eta gero, zer?

Horraino paperean idatzita egongo direnak. Ikusteko dago osasun krisia amaitzean zer gertatuko den, bai kaleratzeekin, bai lan erregulazioekin. Aurreratutako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 10.000tik gora pertsonak galduko dute lanpostua hil honetan; Lanbidek 9.000 zenbatu ditu jada bere eremuan.

Enplegurako agentzia publikoak, baina, ez du zehaztu horietatik zenbat diren kaleratzeak eta zenbat aldizkako edo behin-behineko kontratuen amaitzeak, eta horietatik zenbat egin diren alarma egoera indarrean denetik. Dena den, gobernuak aurreratu du arauak ez duela atzerako eraginik izango, eta soilik atzotik aurrerako kaleratze kasuak hartuko direla kontuan.

Orain artekoak ikusita, baina, azken urteetako hilabete beltzena izango da martxoa, eta oso litekeena da hurrengoak antzekoak edo okerragoak izatea. Sekula ikusi gabekoa ere izango da aldi baterako erregulazioengatik langabezian daudenen kopurua, egunetik egunera nabarmen handitzen ari baita (126.122 lagun).

ELA sindikatuak atzo salatu zuenez, behin-behineko kontratua zuten langile ugari kaleratu dituzte egunotan, lan erregulazioetatik kanpo uzteko. Hori lege iruzurra dela ohartarazi du, eta auzitara joko duela.

Horrekin lotuta, lan erregulazioekin gertatzen ari dena zaintzeko eskatu dute sindikatuek, uste baitute enpresa batzuk tresna hori erabiltzen ari direla administrazioaren bizkar uzteko orain dituzten galerak, eta aurretik izan dituztenak eta izan ditzaketenak ere bai.

Horren harira, Diazek ohartarazi du lan ikuskaritzak enplegu etenaldi guztiak ofizioz berrikusiko dituela, eta nabarmendu «iruzurra» atzemanez gero enpresek «diru guztia» itzuli beharko dutela, langileen sariak barne. «Lanpostuei eusteko eskatzen diegun bezala, eredugarri izateko eskatzen diegu enpresaburuei».

Diazek, bestalde, jakinarazi du gobernuak enplegu erregulazioen tramitazioa arindu duela, eta hori egin duela, bereziki, langileek lehenbailehen kobratu dezaten langabezia —hil bakoitzaren hamargarren egunean jasotzen dute diru hori—. Gogoratu du behar adina kotizatu ez dutenek ere langabeziarako eskubidea izango dutela.

CEOE Espainiako patronalak, berriz, gogor kritikatu ditu Diazen hitzak, enpresariak «susmoapean» jartzen dituelako, eta gaineratu du kaleratzeei buruzko neurriak ez duela «ezer konponduko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.