Koronabirusa

Sintoma gabeko positiboek zazpi egunez egon beharko dute bakartuta Hegoaldean

Bakartze aldia laburtzea adostu dute Espainiak eta erkidegoek, aho batez. Kirol zelaien eta pabiloien edukiera murriztea ere erabaki dute

Ion Orzaiz - Paulo Ostolaza
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Hamar egun ez, baizik zazpi. Aurrerantzean, COVID-19an positibo ematen duten baina sintomarik ez duten Hego Euskal Herriko herritarrek zazpi egunez egon beharko dute bakartuta. Hala adostu zuten atzo Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek, aho batez, Osasun Publikorako Batzordean. Itxialdia amaitzeko, gainera, ez da bigarren PCR proba bat egin beharko —Nafarroako Gobernuak ezarria zuen jada neurri hori, atzotik—.

Txertatu gabeko kontaktu estuei ere eraginen die erabakiak: orain arte, hamar egunez etxean itxita egon behar zuten baldin eta positibo emaniko norbaitekin harremana izan bazuten. Aurrerantzean, astebetez egon beharko dute, probetan positibo eman zein ez. Txertoaren bi dosiak hartuak izan eta testean negatibo ematen dutenek, berriz, hemendik aurrera ez dute zertan itxialdia egin, orain arte bezala.

AEB Ameriketako Estatu Batuek antzeko neurria hartu zuten asteartean: zazpira ez, bost egunera murriztu zuten itxialdia. Erresuma Batuan joan den astean murriztu zuten itxialdia zazpi egunera, baina beste baldintza batekin: berrogeialdiaren bukaeran beste proba diagnostiko bat egin behar zaie kutsatutakoei, gaitzaren arrastorik ez dutela frogatzeko.

Beste neurri bat ere adostu zuten atzo Osasun Publikorako Batzordean: kirol zelaien gehienezko edukiera %75era mugatzea, eta pabiloiena, berriz, %50era. Hori izanen da irizpide orokorra; gero, erkidego bakoitzak erabakiko du kopuru horiek are gehiago murrizten dituen ala ez. Urtarrilaren 1etik 31ra bitartean izanen dira indarrean murrizketak.

Erabaki eta jarraibide gehiago ere etorriko dira, ziurrenik. Izan ere, gaitza atzemateko, diagnostikatzeko eta hesitzeko protokoloak eta irizpideak berridazten ari dira mundu osoko agintari eta administrazioak; besteak beste, lehen arreta zerbitzuak gainezka daudelako, eta ezin diotelako azken olatuaren transmisioari behar bezala erantzun. Orain arteko arauak hankaz gora jarri ditu omikronak.

Azken egunetako kutsatze oldea aintzat hartuta, adituek argi dute «ezinbestekoa» zela neurriak egokitzea, baina uzkur begiratzen diete administrazioek hartutako erabaki batzuei. «Omikron aldaeraren ondorioz dugun positibo tasa handiarekin, argi dago zerbait egin behar dela; bestela, etxean itxita egon beharko genuke denok orain. Hortaz, protokoloak egokitzea ondo dago, neurriak berandu badatoz ere», azaldu du Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrobiologiako irakasle Miren Basarasek.

Zalantzak agertu ditu positibo emandakoen bakartze aldia murrizteko erabakiaren inguruan. «Une honetan, berrogeialdia murrizteko erabakia ez dago ebidentzia zientifikoetan oinarrituta. Ez guztiz», azaldu du. Izan ere, omikronaren gainean egin diren baieztapen asko «erabat frogatu gabe» daudela uste du Basarasek: «Gobernuek erabaki hori hartu dute omikronak orain arte sintoma arinagoak eragin dituelako eta inkubazio aldi laburragoa duelako. Hala ere, hori guztia baieztatu beharra dago oraindik. Denbora gehiago behar da». Bestalde, berrogeialdia kasu guztietan aplikatu aurretik auzia «ondo aztertu» beharko litzatekeela uste du EHUko irakasleak: «Berrogeialdia laburtu beharko litzaieke positibo guztiei, ala asintomatikoei soilik? Txertoaren pauta osoa dutenei, ala txertatu gabekoei ere bai? Nik, behintzat, ez nukeen egingo modu hain zorrotz eta orokorrean».

Neurriak, ezintasunaren isla

Azken egunetan, COVID-19a diagnostikatzeko irizpideak ere aldatu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta, besteak beste, ez diete jarraipen «proaktiboa» eginen asintomatikoak direnei edo sintoma arinak dituztenei. Etxean eginiko antigeno probak ere ontzat joko ditu Nafarroako Gobernuak. Horrek guztiak «osasun sistemaren ezintasun bat» islatzen duela uste du Basarasek, «baina ez soilik hemen, mundu osoan baizik». «Gure osasun sistema hain dago gainezka eginda, ez da gai beharrezkoak diren PCR guztiak egiteko. Hala ere, etxean eginiko antigeno probak ontzat emateak badu arrisku bat: denok ez gaude prestatuta laginak behar bezala hartzeko, eta negatibo faltsu asko ager litezke». Irakaslearen aburuz, neurria ez da «egokiena», ezta «logikoena» ere, baina oraingo «egoeraren ondorio» da.

Erakundeek «autozaintzan» azpimarra jartzeari, azkenik, beste arrisku bat ikusten dio: «Sintomak izanda etxean gelditzea, adibidez, herritarren borondate onaren esku dago, eta ziur naiz gehiengo zabal batek arduraz jokatuko duela, orain arte bezala, baina beste batzuek ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.