Jaurlaritzak eta komunitate islamikoek lankidetzarako tresnak abiaraziko dituzte

Ados aholku batzordea sortuko da bihar. «Nazioarteko terrorismoari, arrazakeriari, xenofobiari eta islamofobiari» aurre egiteko helburua du

Jonan Fernandez, atzo, jarduera programaren aurkezpenean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak jarduera programa bat abiarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako komunitate islamikoekin lankidetzan aritzeko. Jonan Fernandez Jaurlaritzako Giza Eskubide eta Bizikidetza zuzendariak hausnartu du «elkarrekin eta bakean bizitzeko ideiak» batzen dituela herritarrak. Beraz, aurkeztutako programak ildo horretan eragin nahi du. Hori lortzeko, sei proposamen jarri ditu mahai gainean.

Lehen proposamena bihar irudikatuko dute. Ados Euskadiko komunitate islamikoarekin lankidetzan aritzeko aholku batzordea sortuko du Eusko Jaurlaritzak. Hamazazpi kide izango ditu: Jaurlaritzak bost ordezkari izendatuko ditu; foru aldundiek, hiru; Eudelek, bat, eta komunitate islamikoek, zortzi. Batzordearen zeregina da komunitate islamikoak «modu integratuan bizi daitezen sustatzea», eta ildo horretan abiaraziko diren politika publikoen gainean aholkatzea.

Fernandezek atzo aurkeztu zituen jarduera programaren nondik norakoak. «Nazioarteko terrorismoari, arrazismoari, xenofobiari eta islamofobiari aurre egiteko tresna» dela azaldu zuen, eragile guztien artean «giza eskubideen aldeko konpromiso partekatuarekin». Ados aholku batzordeaz gain, Euskadiko Erlijioen Kontseilua ere sortzeko asmoa agertzen da jardueren artean. Halaber, «erradikalizazio biolentoaren identifikazio goiztiarreko foroa» sortzea proposatu dute, baita prebentzioarekin lotutako proposamenak ere. Horrez gain, berretsi du giza laguntzaren aldeko konpromisoari «eutsiko» diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.