Arabako Mahastiak zigilua irailerako espero dute, eta epeak asko estutzen ari dira

Jatorri izen berriaren baimena emango die aurki Jaurlaritzak eskatzaileei. Bilketaren aurretik iritsiko balitz, sor-marka hori abiarazteko tartea legoke

Aiako K5 txakolin upategiko mahastiak, aste honetan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
xabier martin
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak ez du eperik aurreratu nahi izan, egunkari honek Arabako Mahastiak sor-marka berriaren behin-behineko baimenaz galdetu dionean, baina upategi eskatzaileek irailerako espero dute. Galdera funtsezkoa da mahats bilketaren aurretik iritsiko den ala ez; ez bada garaiz iristen nekez izango baita aukerarik Errioxako jatorri izenetik atera nahi duten upategientzat. Datorren urtean merkatuan Arabako Mahastiak sor-marka aurkitzeko, izan ere, baimen hori egun gutxi barru igorri beharko lukete. Denbora tarteak estutuz doaz, eta, gaur-gaurkoz, ezin da baztertu zigilu berriak 2024. urtera arte itxaron behar izatea merkatuan salgai egoteko.

Hamabost bat upategi

Uztailaren hasieran, Arabako Mahastiak sor-marka erabiltzen hasteko eskaera jaso zuen Eusko Jaurlaritzak. Duela hiru hilabete, Espainiako Gobernuak —derrigorrezko postari lana eginda— jatorri izen berriaren espedientea entregatu zuen Bruselan, eta orduan Gasteizek baieztatu zuen oniritzia emango ziola behin-behineko eskaerari. Eskatzaileek Jaurlaritzari bidali dioten dokumentuan ez da zehazten zenbat upategik erabili nahi duten marka berria, baina BERRIAk jakin du hamabost bat upeltegi txiki daudela prest Logroñok gobernatzen duen jatorri izenaren kontseilutik ateratzeko. ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteko batzuk dira sor-marka berrira aldatzeko prest daudenak, baina Bruselatik azken oniritzia iritsi arte ez da jakingo zehazki zenbatek egingo duten azken urratsa Errioxako zigiluaren aterkia eta, aldi berean, zama uzteko.

Errioxako upategi handiek beren neurrira gidatzen dute jatorri izenaren kontseilua, Logroñoko Gobernuarekin eskuz esku, eta «ahal den guztia» egiten ari da Arabako Mahastiak jatorri izena oztopatzeko. Espainiako Gobernuak berriki Bruselara igorri duen sor-marka berriaren eskaeran, haren aurka azaldu da sutsuki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.