Ikusmina eta lehia, bat

Gizonezkoen banakako pentatloiko azken kanporaketa jokatuko dute gaur, Azpeitian. Sei onenak sailkatuko dira irailaren 24ko finalerako

Azken kanporaketan ariko diren 11 kirolariak, aurkezpenean, Orioko Katxiña txakolindegian. Amade falta da. PENTATLOIA.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Pentatloiaren modalitateek lortu dute herri kirolen jiran sona edukitzea. Gizonezkoen banakako lehiak zabaldu zuen aro berria, eta hark pizten du ikusminik handiena oraindik ere. Parte hartzaileen kopurua eta biltzen dituen zale andana dira horren adibide. Gaur jokatuko dute bigarren eta azken kanporaketa, Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazan (18:00). Hamabi lagun ariko dira lehian, eta sei onenak sailkatuko dira finalerako.

Finaleko lanen erdiak egin beharko dituzte gaur, eta lehia estutuko du horrek. Lan arinagoa izateak, ordea, badu bere kontrapuntua: huts egiteko tartea txikiagoa da. Huts ñimiño bat garesti ordain daiteke. Hala, hilabeteetako prestaketa fisikoak ez ezik, garrantzi handia izango dute kirol batetik besterako jauziek, detailerik txikiena zaintzeko beharrak.

Finalaurrekoan ariko diren kirolariek hilabeteak eman dituzte gaurkoa prestatzen. Hamabitik zortzi zuzenean sailkatu dira, iazko emaitzak tarteko: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a —egungo txapelduna da—, Joseba Otaegi, Julen Gabirondo, Iñaki Errazkin, Aritz Irazabal, Julen Kañamares, Jon Gisasola Zelai V.a eta Beñat Amade.

Gainontzeko laurek maiatzaren 28ko kanporaketa gaindituta egin dute aurrera: Aitzol Atutxa II.a, Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Xabier Zaldua dira. Azken horrek irabazi zituen aro berriko lehen hiru txapelak: 2018an, 2019an eta 2020an. Iaz ez zuen izenik eman, eta aurten itzuli da.

Guztira, 23 lagun aritu dira txapelketan. Haietatik 11k lehen kanporaketan amaitu zuten bidea. Aldiz, hura gainditu, eta gaurko finalaurrekoan ariko da Atutxa. Dimakoa aurten estreinatu da pentatloian, baina ibilbide oparoa osatu du herri kiroletan. Bost aldiz izan da Euskal Herriko txapeldun aizkoran. Dena den, Atutxak berak astearteko aurkezpen ekitaldian esan zuenez, bestelako kontua da kirol bakarra egiteari utzi eta bost uztartzea: «Aizkolari gisa lan handiak egindakoak gara, baina, txirrindularitzan oso ona baldin bazara ere, triatloira joandakoan gauzak asko aldatzen dira. Etxean lana ondo egin arren, hemen pentatloilari oso handiak daude, eta lanak oso gogorrak egiten dira».

Hori dela eta, Atutxak esan du finalerako sailkatzea «tontorra zapaltzea» izango litzatekeela.

Kanporaketako markari adi

Izeta VI.a dago aurtengo aldia irabazteko hautagai nagusien zerrendan. Iazko txapelaren irabazleak aurtengoa lortzea du xede. Ordea, gaurko kanporaketa gainditu behar du aurrez: «Nire ustez, lana ondo eginez gero lortuko dut». Ez hori bakarrik; kanporaketako marka hobetzeko ahalegina egingo du aiarrak. Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a-k du marka hori (12.07), 1983an eskuratutakoa: «Hitz handiak dira, baina saialdia egingo dugu. Egurrak onak badira, lor dezakegu. Iaz 12.29 egin nuen, eta saiatuko gara hogei segundo horiek alde batetik ez bada bestetik jaisten». Finala irailaren 24an jokatuko dute, berriro Azpeitian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.