Kristina Berasain Tristan.
Qatarko Munduko Kopa. WAQIF ZOKOTIK

Loreak

2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Basamortuetan, harearen, gatzaren eta haizearen kristalizazioagatik, arroka batzuk sortzen dira, xaflaz xafla, txikiagoak batzuk eta handiagoak beste batzuk, eder-ederrak denak. Basamortuko loreak dira. Dohan forma hori duen egitura ikusgarri bat inauguratu zuten duela hiru urte: Qatarko Museo Nazionala. Jean Nouvel arkitekto ospetsuak tamaina desberdinetako 539 disko erabili zituen, txikiena 14 metroko diametrokoa, eta handiena 87 metrokoa, guztiak kolore zuri hautsikoak, lorea eskala handian irudikatzeko.

Qatarko historiatik ibilbidea egin daiteke museoan, haren eraketa geologikotik, historiaurreko garaietatik, nomaden eta perla biltzaileen garaietatik igaroz, historia modernoraino.

Piezarik garrantzitsuenetakoa Barodako Perlen Alfonbra da. Antza Indiako maharaja batek agindu zuen. Milioi eta erdi perla baino gehiagorekin dago apainduta, baita zafiroekin, diamanteekin, esmeraldekin eta errubiekin ere. Eskuz txertatutako harribitxiek loreak osatzen dituzte.

Qatar da arte garaikide gehien erosten duen herrialdea. Urteko mila milioi dolarreko aurrekontua du kaligrafia arabiarretik hasi eta kalean ikus daitezkeen brontzezko eskulturak eskuratzeko.

Duela hamar urte albiste batek artearen merkatua astindu zuen: Cezanneren koadro bat 250 milioi dolarren truke eskuratua izan zen. Eragiketa isilpean egin zen. Baina misterioak gutxi iraun zuen, iturri fidagarriek ziurtatu baitzuten atzean Qatarko errege-familia zegoela.

Al-Mayassa bin Hamad al-Thani xekea, emirraren arreba, artearen munduko emakumerik boteretsuena da. Qatar Ekialde Hurbileko kultur hiriburu bihurtzea du asmo. Bacon, Rothko, Warhol, Gauguin eta Picassoren artelanak ere erosi omen ditu. Hala ere, artelan preziatu horiek ez daude museoetan. Jauregi pribatuetan daude: xekeentzako loreak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.