Kristina Berasain Tristan.
Qatarko Munduko Kopa. WAQIF ZOKOTIK

Puzzlea

2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Bada esaera zahar arabiar bat esaten duena nire etsaiaren etsaia nire laguna dela, baina geopolitika beti da konplexuagoa, eta maizegi erabili izan den atsotitz hau ez da beti hitzez hitz betetzen.

Doharen berezitasunak logika sinple batetik ulertezinak diren aliantzak edo keinuak egitera eraman du. Denak utzi nahi ditu kontent: Washington, Teheran, Israel, Hamas, Anaia Musulmanak, Libiako errebeldeak, milizia xiitak, talibanak...

Puzzlearen pieza guztiak nola edo hala ahokatzea da duen diplomazia berezi horren asmoa. Izan daiteke aldi berean baten adiskide, eta haren aurkari sutsuarena ere. Estatu Batuek, esaterako, eskualdeko lurreratze pistarik luzeena dute herrialdean. Iranekin, berriz, munduko gas hobirik handiena partekatzen du.

Kokapen geografikoak ere nolabaiteko funanbulismoa egitera behartzen du. Saudi Arabia eta Iran erraldoiak dira, geografikoki eta ideologikoki, eta etsai historikoak diren bi herrialdeak eskualdearen lidergoagatik lehiatzen dira behinolatik. Suniten gotorlekua da bata, mugimendu integristen erreferentzia nagusia, eta xiitena bestea, Mendebaldearen aurkako ardatzarena.

Oreka ariketa horretan tirabirarik handienak bizilagunekin ditu. Qatarrek politikoki ere penintsula baten gisa jokatzen du. Saudi Arabiak errezeloz ikusi du emirerria errepublika islamikora gerturatzen, eta tentuz begiratzen dio.

Talka egiten duten bi ereduren ordezkari dira. Qatar Anaia Musulmanen aldera lerratu zen iraultza arabiarretan, eta bizilagunek ez dute islam politikoa begi onez ikusten. Eskualdeko gatazketan ere jarrera kontrajarriak izan dituzte, eta horrek zatiketa gero eta nabarmenago bat eragin du. Arabiarren artean erreferente bihurtu nahi dute biek: arabiar nazionalismo modernoa eta eredu kontrairaultzailea daude aurrez aurre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.