Legebiltzarrerako bozak

Mahaikideak genero identitatean sentsibilizatuko dituzte

Maite Asensio Lozano - Arantxa Iraola
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Botoa ematean erakutsi beharreko agiriak eta beren genero identitatea bat ez datozenen beharrak aintzat hartuta, eta halakoetan izaten dituzten «estualdiak» eragozte aldera, hauteskunde mahaietan egongo direnak gaian sentsibilizatzeko eskatu du Ikusgunek, Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako behatokiak. EAEko Hauteskunde Batzordeak onartu egin du proposamena, eta mahaikideen artean gaiari buruzko gida bat zabaltzea galdegin dio Eusko Jaurlaritzako Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzari.

Ikusgunek landu du gida hori: praktika onak eta irizpideak bildu ditu. Trans pertsonak «errespetuz tratatzeko» eskatu du: hizkera neutroa erabiltzea, iruzkinik ez egitea senide bat ordezkatzeko aukerari buruz, hauteslearen izena ozen esatean «bolumen egokia» erabiltzea... Era berean, ohartarazi du hauteskunde mahaiko lehendakariak direla «autoritate gorena», eta haien ardura dela tratu iraingarririk ez onartzea.

Transentzako beste gida bat ere prestatu du Ikusgunek. Gogoratu du hiru dokumentu aurkez daitezkeela bozkatzean: nortasun agiria, pasaportea eta gidabaimena —azken horrek ez du sexua aipatzen—. Agiriak zalantza sortzen badu, mahaikideen esku dago erabakia, baina hauteslearen testigantza kontuan hartu behar dute. Boto eskubidea ukatuz gero, erreklamazioa egin daiteke. Edonola ere, behatokiak nabarmendu du «genero autodeterminazioa» aitortua dagoela legez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.