Hiru lehiako astea garaipen batekin biribildu nahi dute Realak eta Athleticek

Txuri-urdinek Madril hartuko dute Zubietan, eta Valentziaren zelaian jokatuko dute zuri-gorriek. Bi aurkariak sasoiko ezustea dira

Amaiur Sarriegi baloiarekin, Marta Cardona gainditu nahirik. Z. ARAGON / EFE.
ainara arratibel gascon
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Realak eta Athleticek gaur izango dute aste honetako ligako hirugarren partida. Bi taldeek puntu kopuru oparo bat bilduta amaitu nahi dute. Gaur hiru puntuak poltsikoratuz gero, txuri-urdinek bederatzitik zazpi izango lituzkete lortuta, eta zuri-gorriek, sei. Baina denboraldi honetan ezustea ematen ari diren bi taldeak izango dituzte aurrean: Realak, Madril, eta Athleticek, Valentzia.

Realak etxean jokatuko du (12:00, Dazn). Natalia Arroyoren taldeak on egin nahi du asteartean Atletico Madrilen zelaian lortutako puntua, eta goiko postuetan egonkortu. Baina Madril talde deserosoa eta gaiztoa izan ohi da txuri-urdinentzat azken denboraldietan. Aurreko sasoian, adibidez, 0-1 irabazi zuen Zubietan.Geyse Ferreira zen taldeko izarra, eta hark sartu zuen gola. Brasilgo aurrelariak Bartzelonarekin fitxatu zuen udan, eta pentsatzekoa zen horren eragina nabarituko zuela Espainiako taldeak. Baina ez da hala izan. Maria Pryk talde sendoa osatu du, eta hirugarren daude sailkapenean, Realak baino hiru puntu gehiagorekin.

Arroyok honela aztertu du aurkaria: «Madrilek oso ondo eta indartsu hasi du denboraldia. Modu askotara joka dezake, eta baliabide asko ditu: baloia edukita, eta kontraerasora jokatuz ondo moldatzen da. Mariak bere neurrira egindako talde bat osatu du. Baina guk galdu gabe segitu nahi dugu, eta, ahal bada, puntuak hirunaka batuz, goian egoteko ez baitago beste modurik».

12:00etan jokatuko du Athleticek ere Valentzian (Gol). Iraia Iturregiren taldeak garaipen garrantzitsua erdietsi zuen asteartean, Tenerifen. Lehen aldiz lortu zuen han irabaztea, eta azken jardunaldietako bolada txarra eten zuten.

Valentziak sufritu egin zuen aurreko denboraldian mailari eusteko, baina sasoi hau bikain hasi du. 12 puntu ditu, eta zazpigarren dago. «Valentziak bizpahiru denboraldi eman ditu beheko postuetan, baina klubak pazientzia izan du bai entrenatzaile multzoarekin, bai jokalari gazteekin. Hala, egindako lanaren fruituak jasotzen ari da. Joko zuzena egiten du, eta jokalari askorekin jotzen du erasora. Beraz, saiatu behar dugu baloia berreskuratzean bizi ateratzen», nabarmendu du Iraia Iturregik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.