ELAk eta LABek salatu dute ETBk EAJren diskurtsoa «erosi» duela

Sindikatuen arabera, ETBko albistegiak Eusko Jaurlaritzaren eta patronalaren aldera lerratu dira

2019/2020 denboraldiko ETBko albistegietako aurkezleak, artxiboko irudi batean. EITB.
urtzi urkizu
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Egunotan EITBko albistegiak ematen ari diren informazioarekiko oso kritiko azaldu dira ELA eta LAB sindikatuak, eta salatu dute Eusko Jaurlaritzaren, EAJren eta patronalaren aldera lerratu direla.

EITBko ELAren iritziz, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak funtsezkoa ez den jarduera oro ixtea iragarri zuenetik, batez ere telebista publikoko albistegiek «berebiziko ahalegina» egin dute herritarrei zabaltzeko, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak eta Confebask patronalak neurri horren aurkako iritzia agertu dutela. «Aitzitik, albistegiek gutxietsi egin dute neurriaren alde daudenen ahotsa, aurretik ere halako erabaki bat eskatzen ari zirenen ahotsarekin egin den bezala. Horrela, Confebask patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren tesien aldeko iritzi joera bat sortu nahi izan dute une oro». ELAren arabera, EITBko albistegiak saihesten ari dira honako honi buruz hitz egitea: profesional soziosanitarioak eta funtsezko sektoreetan dauden pertsona asko zer-nolako baldintzetan ari diren lanean. «Baina ez dago inolako arazorik mezu apokaliptiko bat helarazteko. Enpresen erakundeak eta Eusko Jaurlaritza helarazten ari direna bezalako mezua, alegia».

ELAren iritziz, bestalde, EITBk «funtsezko eginkizuna» betetzen du komunikabide publiko gisa, eta herritarrei bizi izatea tokatzen ari zaien une latz hauetan «ezinbestekoa» da herritarren informazio beharrei erantzutea, «inpartzialtasun, egiazkotasun eta pluraltasun ikuspegitik abiatuta». ELAren ustez, horiek ez dira errespetatzen ari.

«ETB Telebatzoki gisa»

EITBko LABek, berriz, honako salaketa hau egin du ETBko albistegien egunotako jardunaren inguruan: «Ez da onargarria denona den edo izan beharko lukeen Euskal Telebista Telebatzoki bihurtzea. EAJ alderdiaren diskurtsoa goitik behera erosi eta saltzea, beste guztiena baztertuz, onartezina da». Irratiak aipatu gabe, LABek ETBko albistegietan jarri du arreta: «Gaizki dago komunikabide publiko bat agintean dagoen alderdiaren propaganda bihurtzea, soka bereko protagonistak gonbidatuz, eta oposizioko ahotsak baztertuz. Baina zer esan Teleberri 1-eko aurkezleari buruz? Informazioa eman ordez, bere iritzia zabaldu zuen astelehenean, profesionaltasun falta izugarria erakutsiz».

Astelehenekoa eta egunotakoa ez dela salbuespena salatu du LAB sindikatuak, bide batez. «Informazio inpartziala eman beharrean, ohituta gaude EAJren diskurtsoa etengabe entzutera eta ikustera, kontrakoak ezkutatuz».

LABen aburuz, ETBko arduradunek baztertu egin dute Eusko Legebiltzarreko gehiengoa. «Ez diete ahotsik eman langileen ordezkariei; sindikatuak ez dira kontuan hartzekoak, haien ustez, eta osasun arloko adituen iritzia ematea baino aproposago ikusi dute Confebaskek duen ikuspegia ematea eta beren interesak zabaltzea eta defendatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.