Kalean aurkitu du aterpe

Olentzero eta Mari Domingi Iruñeko zenbait auzotan ibili dira karrikak alaitzen, koronabirusaren pandemiak erabat baldintzatutako kalejiretan. Maskarak musuan eraman dituzte parte hartzaileek; ibilbidean ez dute geldialdirik egin, eta ez da jatekorik banatu. Gaur beste auzo batzuetan ere ibiliko dira.

Kalean aurkitu du aterpe.
Olaia L. Garaialde - Iker Tubia
Iruñea
2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Pandemiak ez du Olentzero konfinatu. Atzo, Iruñeko zenbait auzotan barrena ibili zen, musikariz, dantzariz eta haurrez inguraturik: Arrosadian, Azpilagañan, Buztintxurin, Ermitagañan, Mendebaldean, Iturraman eta Mendillorrin. Gainerako auzoetan gaur izanen dituzte antzeko kalejirak. Iruñeko kabalkada nagusia, aitzitik, ez dute eginen, antolakuntzak bertan behera utzi baitu ekitaldia. Maskara jantzita, baina haurrek aukera izan dute Olentzero eta Mari Domingi agurtzeko.

Iturraman eta Azpilagañan beste urteetan baino kalejira xumeagoa egin zuten. Iturraman joaldunek abiatu zuten kalejira, eta atzetik zituzten Ziripot fanfarrea, Amaiur dantza taldea, trikitilariak eta gaiteroak, Mari Domingi eta Olentzerorekin batera. Teresa Vallesentzat eta haren familiarentzat kalejirara joaten ziren lehenengo urtea zen: «Magia egotea espero dugu». Kalejira hasi baino lehen kaiola batzuetan sartuta izan zituzten oiloak, antzarak eta untxiak, eta haurrak kaiolak jotzen ibili ziren. «Ez astindu untxiak, zorabiatzen baitira», esan zion batek besteari.

Joaldunen atzetik, asto batek Olentzerori gutunak bidaltzeko postontzia eraman behar izan zuen. Amaiur ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako haurrak joan ziren haren atzetik. Haientzat azken urtea denez, egurrezko Olentzero eraman zuten. «Nire ahizpak eraman zuenez, nik eramateak ilusioa egiten dit», esan zuen Nahia Besunartek. Ikasleekin batera, trikitilariak jaia alaitzen ibili ziren. Irune Agirrek urtero jotzen du panderoa: «Kultura berpizteko egiten dugu, batez ere orain, oso zapalduta dagoelako». Horrez gain, txalo eta oihu artean zaldi batek gurdi batetik tira egin behar izan zuen, haur batzuk gainean zituelarik. Amaiur ikastolan hasi zen kalejira, eta Lopez kalean amaitu, bidean geldialdirik egin gabe eta jatekorik banatu gabe.

Kalejira xumeagoak

Azpilagaña auzoan ohi baino ibilbide txikiagoa egin zuten, eta ez zen gurdirik atera. Joaldunak, musikariak eta dantzariak aritu ziren Olentzero eta Mari Domingirekin batera. Horren aurretik, Oberena dantza taldeko gazteekOlentzero berezia atera zuten sorbalda gainean, dantzarako jantzita eta otarrainxka buruarekin. Maskarak zintzilik zituen panpinak, konfinaturik zeuden taldekideen izenekin.

Albeniz ostatuari bisita egin zioten lehenik; Azpilagañako erretiratuei ondoren, eta auzoko familia batek eskainitako askariarekin bukatu zuten kalejira. Geldialdi bakoitzean bertso bana kantatu zuten. Horren ondoren, Azpilagañako ezpata dantza eman zuten.

GASTEIZ
Kalejira bai,baina kontakturik ez


COVID-19aren ondoriozko kutsatzeen gorakada gertatzen ari bada ere, Gasteizko Udalak eutsi egin dio Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejirari.

18:00etan abiatuko dira, gaur, Iparralde gizarte etxetik; Legutioko atea igarota, Frantzia eta Bake kaleetatik igaro, eta Florida eta San Antonio kaleek bat egiten duten bidegurutzean amaituko dute aurtengo Gabonetako kalejira. Ordu eta erdi inguru iraungo du.

Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejira egingo da, baina zenbait neurri hartu dituzte jendea ez pilatzeko eta kutsatzeak saihesteko. Neurri nagusia ibilbidea luzatzea da, uste baitute horrela jendea gehiago sakabanatuko dela, Olentzero eta Mari Domingi ikusteko aukera gehiago izango dituelako. Bi kilometroko ibilbidea izango da. Horrez gain, bertan behera utzi dute gozokien banaketa. Ikusleek ezin izango dute kalejirako parte hartzaileekin kontakturik izan, eta, beraz, horiek aurten ez dute gozokirik banatuko. Nahitaezkoa izango da herritarrek maskara jantzita izatea. Berez, Olentzerok eta Mari Domingik haurrei harrera egin behar zieten, eta agurtu ere egin behar zituzten udaletxetik, baina bi ekitaldiak bertan behera utzi dituzte.

Kalejiran parte hartuko dute Udal Folklore Akademiak, Arabako Dantzarien Biltzarrak, Olabide Ikastolak, Indarra elkarteak eta Kalez kale programakoek.

DONOSTIA
Ibilbide luzeagoa, distantziak errespetatze aldera


Donostian ere, Olentzero eta Mari Domingiren kalejiraren aldeko apustua egin du udalak, koronabirusaren kontrako neurri bereziekin baldin bada ere.

Hortaz, ibilbidea luzatu dute, jendea ez pilatzeko: Ijentea kaletik hasi, eta Hernani, Loiola, San Martzial eta Getaria karriketatik igaroko dira, Askatasunaren hiribidera iritsi arte; handik, Idiakez eta Legazpi kaleetara joko dute, eta Bulebarrean bukatuko dute. 18:00etan hasiko da kalejira, eta ordubete iraungo du gutxi gorabehera.

Kalejira abiatu aurretik, baina, segurtasun ohartarazpenak «behin eta berriro» gogoratuko dituzte bozgorailuetatik, Donostiako Udalak adierazi duenez. Neurri horien artean esanguratsuenak maskararen erabilera eta segurtasun distantzia errespetatzea dira.

Aurten haurrak ezin izango dira kalejirako protagonistengana hurbildu; ondorioz, ezin izango dizkiete haien gutunak eman. Horretarako jarri du udalak, hain zuzen ere, Alderdi Ederreko plazako gunea; eremu berezi horretan, umeek gutunak sartzeko gune bat prestatu dute. Hara joaten direnek, esparru horretara sartzeko, ilara egin beharko dute, maskara une oro jantzita, eta hango arduradunek talde desberdinen arteko distantzia kontrolatuko dute. Gel hidroalkoholikoa banatzeko postua ere jarri dute, eremuaren sarreran.

BILBO
Kalean izan beharrean, Arriaga antzokian


Ikuskizun berezia egingo dute aurten, ohiko kalejiraren ordez. Udalak «musika, dantza,magia eta antzerkia» biltzen dituen Olentzero eta Mari Domingiren saioa antolatu du Arriaga antzokian, gaur. Hiru emanaldi egingo dituzte: 09:30ean, 11:15ean eta 13:00etan. 2.500 lagun sartu ahalko dira emanaldi bakoitzean, eta sarrerak Arriaga antzokiko sarreran daude salgai, bi euroan. Lortutako dirua Norai elkartearentzat izango da: musikaren bidez haurren garapena bultzatzen duen elkarte bat da.

Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotzi Itziar Urtasunen arabera, kalejira ez egitea «albiste atsekabetsua» da, baina azaldu du horren gainetik «osasuna eta erantzukizuna» gailendu behar direla.

Bilboko Udalak hainbat kritika jaso ditu, Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejira bertan behera uzteagatik eta COVID-19az kutsatzeko arriskua egonda ekitaldiak leku itxi batean —Arriaga antzokian— antolatzeagatik. Bilboko EH Bilduk, gainera, salatu du udalak baimena ukatu diela auzoetako kalejirei.

Arriaga antzokiko saioak 35 minutu inguru iraungo du. Bertaratzen direnek maskara jantzita izan beharko dute. Arriaga plazan, emanaldi bakoitza hasi aurretik, haurrek Galtzagorrien gunera sartzeko aukera izango dute, Olentzerorentzako eta Mari Domingirentzako gutunak uzteko.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.