Angel Aldarondo.
IRITZIA

Umorea eta lege zaharrak

2017ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Oharra: iritzi hau testuingurutik aterata dago, neure buru barruan jeinuzko itxura baitu. Orrialde honetan sartu ahal izateko nire iritzia manipulatu behar izan dut, milaka ñabardura ebakiz. Norbait asaldatzen bada, egon lasai, hartu arnasa eta kexatu Urkulluri.

Hasteko, ETBri eskatuko nioke Espainiari buruzko saioa berriz ikusgai jartzeko, zentsura paternalista baztertuz. Bertan botatako iritzi gordinak adierazpen askatasunak babestu beharko luke, norberak bere ondorioak atera ditzan, gure esentzien zaindari ikusezin-ek errealitate absurdoa maneiatu gabe.

Halere, ezin dut saioa defendatu, are gutxiago autokritikarik gabe, masa ernegatuaren aurrean ohiko biktimismoan egokituta. «Eske Intereconomian egunero terroristak deitzen gaituzte». OK, denok Twiterreko trintxeretara, gerra da, egur gehiago!

Horrelako polemikak betidanik gertatu ohi dira; beraz, zer da ezberdin oraingoan? Sare sozialen erdipurdiko zalapartaz gain, Miren Gaztañagak bere oharrean bete-betean asmatzen du: saioaren formatua ez zen egokiena zenbait iritzi plazaratzeko. Hor dago gakoa.

«Umorezko saioa»-ren etiketa ezartzea soilik ez du entretenimenduzko saio baten edukia umorezko bihurtzen. Ez da hain erraza, tamalez. ETB1en larregi erabiltzen den make some noise eredua aspalditik zaharkitua dago. Umoreak bere mekanismoak ditu. Satirak, zehazki, besteei karikatura egiteko unean sarkasmo hutsean jausteko arriskua du. Arau sozialak menperatu behar dira topikoekin eta tabuekin katarsia lortzeko. Ez gaude beste Charlie Hebdo edo Vaya semanita baten aurrean. Ez, hau ez da Ocho apellidos vascos-en bertsio euskalduna. Arrazoi askorengatik. Bat, nagusiki: ez dira estereotipoak esajeratu ezinbesteko hiperbolearekin.

Iritziak botatzerakoan, funtsezko formula ahaztu dute: setup & punch izenekoa, hau da, premisa eta kolpea. Saioan premisa badugu, estereotipo iraingarriak aurkezten dira, baina txistea, ezustea falta zaie, irrigarria utzi absurdoaren bidez. Horren ordez, barreekin errematatzen dira, kontrako zirrara lortuz, esandakoari mespretxuaren tonua emanez, irri sardoniko erara uler daitekeena.

Umoreak beti suminduko du norbait, baina norbaiti grazia egiteko premia ere badu. Ocho apellidos vascos film arrakastatsuak —Euskal Herrian ere— txiste eskasak izango ditu, baina bere helburua lortu zuen; kontrakoa baieztatzea oraingoan asaldatu direnei arrazoi guztia ematea da. Espainiari buruzko elkarrizketetako iritzi eta topiko zahar batzuk, saioak duen tonu nahasi eta galdera desegokien erruz besteen gabeziak eta bizioak erakusteko diseinatua dagoela antzeman dezake, soilik iraingarria suertatuz.

Paradoxikoa bada ere, saioak ez du espainiarrei buruz ezer berririk azaldu, baina bai gutaz. Fermin Etxegoienek ederto biltzen du hitz batean: trauma. Behingoz, gure trauma antiespañolista agerian geratu da, soziologikoki primerako materiala suertatuz. Ez gaitezen inozoak izan, maketo hitz zitala arinkeriaz erabili den herria baita saio honen benetako testuingurua.

Orain, zer. Injustuki harrikatuak izan direnen zorionerako, beste polemika iraingarri bat piztuko da etzi. Baina ETB1 atzerako jauzia emateko zorian dago, kontrol gehiago ezarriz. Konplexuz beteriko euskarazko kanalean, beti izan ditugu kontsigna tradizionalistak. Aste honetan, ildo zahar bat entzun berri dut: «Kontuz euskal baserritar baldarrekin irri egiterakoan». Ok, no problem.

Komunikazio hutsegite honetan —lehendakariari esker nazio laidora handitua— Josebe Iturriozek umore lezio magistrala erakutsi du bere barkamen bideo parodikoarekin. Testuingururik latzenean, dramari ironiarekin punch erraldoia eman dio. Umore inteligentea, azkenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.