Hipotekak. IRPH indizea

Abusuzko klausulen epaitegi bereziek 13.000 ebazpen inguru eman dituzte jada

Bezeroen aldekoak izan dira epaien %70. Bankaren eskandalu ugari egon dira azken urteetan: zoru klausulak, lehentasunezko ekarpenak...

Bankuen produktu toxikoen aurkako protesta bat. CHEMA MOYA / EFE.
xabier martin
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Izozmendiaren punta baizik ez da IRPHaren auzia Espainiako sistemako bankuentzat. Finantza entitateen bekatuak asko izan dira azken urteetan, eta ehunka mila kaltetutako bezeroak, epaitegiek legez kanpokotzat jo dituzten hainbat produktu eta jokabide tarteko. Hainbeste izan dira Espainiako bankaren eskandaluak, ezen epaitegi bereziak martxan jarri baitzituzten 2017ko ekainean, abusuzko klausulen auziak argitzeko. Ordutik 13.000 ebazpen inguru eman dituzte epaitegi berezi horiek, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. CGPJ Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak emandako datuak oso deigarriak dira: bi urte eta erdian 243.550 ebazpen eman dituzte bankuen abusuak argitzeko epaitegiek, eta epaien ia %70 bezeroen aldekoak izan dira.

IRPHaren ebazpena iritsi zen atzo Europatik, eta luze gabe iritsiko da Revolving txartelen ingurukoa Espainiako Auzitegi Gorenetik. Espero da auzi hori ere Europarako bidea hartuko duela, IRPHarena eta beste hainbatena bezala. Horietako bat izan zen zoru klausulena, oihartzun handiko auzia 2016ko abendutik aurrera. Hil horretan iritsi zen EBko Justiziak baliogabetzat jo zuen ebazpena. Interes tasen jaitsiera saihesteko, bankuek gutxieneko interesak jartzen zituzten hipoteka kontratuetan. Euriborrak beherantz egiten bazuen, bezeroak ez zeukan mesederik, bankuak jarritako minimoa ordaintzen zuelako. Gorantz jotzen bazuen, aldiz, Euriborraren arabera pagatzen zuen. Euriborra hondoratu zenean, askok interes handia pagatzen jarraitzen zuten klausulongatik.

Auzi horren aurretik iritsi zen 2008ko krisiaren gordinean lehertu zen beste bat: lehentasunezko ekarpenena. Bankuaren kapitala handitzeko jaulkitako finantza produktuak izan ziren: ez akzioak, ekarpenak baizik. Beraz, kapitala jarri zuena ez da kapitalaren jabe, eta ez du boto eskubiderik. Ekarpenak betiko dira, eta errentagarritasuna konpainiaren araberakoa da: irabaziak eragin ditzake, baina baita galerak ere. Produktu arriskutsuak dira, eta, askotan, bezeroek zehazki zer zen jakin gabe sinatu zituzten: besteak beste, CAMen edo Caja Madriden kasuan. Kutxek lehentasunezko ekarpenak erabili zituzten adreiluaren burbuila lehertu zenean kaudimena handitzeko.

Menpeko ekarpenak

Euskal enpresa batzuekin lotutako auzi bat ere sartu behar da bankaren bekatuen zerrendan: menpeko ekarpenena. Kooperatibek ezin dutenez akziorik jaulki kapitala handitzeko, Eroskik eta Fagor Etxetresnak zenak menpeko ekarpenak jaulki zituzten, eta banku eta kutxen bidez merkaturatu 2007ra arte. Lehentasunezko ekarpenen antzeko produktuak ziren, baina menpeko ekarpenen errentagarritasuna ez dago konpainiaren irabazien menpe. Hauek ere ez dute iraungitze datarik, ez bada konpainiaren likidazioarena.

Duela aste gutxikoa da Fagor Etxetresnak zenaren produktuak erosi zituen bezero bati bere inbertsioa itzultzera behartu duen epaia, banku baten aurka. Eroskiren kasuan, Kontsumobidek egindako arbitratze baten ondoren, bezeroen gehienek ekarpenak trukatzeko akordio bat egin zuten kooperatibarekin. 2019an, 13,4 milioi pagatu ditu Eroskik ekarpenen interesetan.

IRPH eta zoru klausulen antzera, hipotekekin loturik dago 2018an iritsi zen beste eskandalu bat: Auzitegi Gorenak ebatzi zuen hipoteken zergak bankuek pagatu behar dituztela eta ez bezeroek. Gero, osoko bilkura batean aurkakoa erabaki zuen, auzitegiaren sinesgarritasuna erabat urratuz eskandalu handi batekin. Azkenean, Espainiako Gobernuak legea aldatu zuen bankuek pagatu ditzaten zerga horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.