Pastor
DARWIN ETA GU

Kuleroen proba

2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Irakurleen kezkei erantzuteko zerbitzua eskaintzen dute hainbat hedabidek munduan barrena. The New York Times egunkariak, esaterako, Social Q'S atala du horretarako. Hilaren hasieran irakurle batek bere arazoa azaldu zuen bertan: semearen logelan kondoiak aurkitu zituen. Aita eta ama ezkontzaren aurreko sexu harremanen aurkakoak dira. Semeak 19 urte ditu. Zer egin? Haren ikuspegia ulertu arren, semearekin hitz egiteko esan zion egunkariaren aholkulariak. Mutila adin nagusikoa da. Gainera, bere burua babesten ari da kondoia erabilita.

Goxo daude, bada, gaztearen gurasoak. Hala ere, ez dute zertaz larritu. Izan ere, ezkondu ondoren beste dinamika batean sartuko da semea. Sexua ez da gaztetakoa bezalakoa izango, seguruena. Eta eusteko larrualdiaren mende bizi beharko du, hainbat jendek bezala. Caitlin Moran idazleak eman du eusteko larrualdia kontzeptuaren berri More than a woman liburuan. Horren arabera, bikoteak hain estututa dabiltza lanarekin eta seme-alabekin, ezen amodioa egiteko denborarik ez duten. Orduan, tarte jakin batzuk adostu behar dituzte horretarako —umeak eskolara doazenean, esaterako—. Moranen iritziz, ezusteren bat gertatzeko arriskua dago, baina: haurra espero ez denean etxera itzultzea. Aspaldiko txistean legez: gurasoak hor ari dira logelan, eta zarata entzun dute. Aita biluzik jaiki da korrika atea ixteko, baina seme txikia hantxe dago jadanik. «Zer egiten ari zara, aita?». «Sagu bat ikusi dut eta...». «Eta sagu batekin egin nahi duzu?».

AEBetako aita librea da XXI. mendeko gizarte mendebaldarrean semeak ezkondu baino lehen sexu harremanik izan behar ez duela pentsatzeko, baina errealitatea bestelakoa da. Gizon horrek hobe luke semeari arduraz maitatzen eta gozatzen ikasten lagunduko balio. Arduraz, zeren inor gutxi egongo baita, bere denboran okerren bat egin izanaren susmoa inoiz izan ez duenik. Gure (ondoko) herrietako farmazialariek hitz egingo balute...

Gure artean AEBetakoa bezalako aita askorik ez dagoela pentsatu nahi nuke. Horrek ez du esan nahi hemen inon baino jator edo irekiagoak garenik. Bai... baina ez. Zenbaitetan, gainera, portaera desberdinak ditugu. Haurra zer den, neska edo mutila. Guraso batzuek laxoago jokatzen dute semeekin alabekin baino. Ezetz uste? Galdetu, galdetu ea zenbat etxetan gainditzen duten kuleroen proba.

Kuleroen proba hauxe da: alaba nerabe edo gazteak baimena du etxean guraso, neba-arreba, senide edo bisitarien aurrean kuleroetan ibiltzeko? Bai ala ez? Badira etxean egun santu osoan galtzontzilloetan egoteko arazorik ez duten mutilak. Badira sofan eseri, izterrak zabaldu eta hankartea tarteka ukitzen dutenak gurasoekin hizketan ari diren bitartean. Buruari hazka egingo baliote bezala. Ez da ezer gertatzen. Ordea, zenbat alaba nerabe eta gazteri onartzen diote gurasoek etxean gora eta behera kuleroetan edo tangan ibiltzea, senideen edo bisitarien aurrean? Bai, mutilari XXL-a harro markatzen uzten diogu, baina neskari... kontuz, ez dezala McDonald's-en publizitate subliminala egin! Gurasoekin hizketan, eskua zerean jarrita? Bai zera! Zergatik ez diote uzten? Egintza zakarra delako? Ez. Hura emakumezkoa delako.

AEBetako aitak beste garai batekoa dirudi. Ziur nago bat egingo duela Andaluziako bozetako kanpainaren debatean Macarena Olonak esandakoarekin. Voxeko hautagaia oso kezkatuta mintzatu da eskoletan hamar urteko haurrei masturbazioari buruzko informazioa ematen zaielako: kontua zer den, nola egiten den...

Bada, hori nahiago behinolako eskoletako sexu heziketa baino. 10 urte bete berriak genituenean Sor Angeles zena horrela mintzatu zitzaigun eskolako mutikoei: «Adin berezi batera heldu zarete. Ez ukitu hor behean, bestela Revillari bezala gertatuko zaizue. Badakizue: kontuz ibili». Revillak argiketari, iturgin edo igeltsero lanak egiten zituen mojen ikastetxean. Gizon altua bazen ere, semea hura baino dezente altuagoa zen. Aitarekin joaten zen sarri. Down sindromea zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.