Bertakoak batuz, indar egiteko

EuskalOvo Km0 kooperatiba aurkeztu dute, Hego Euskal Herriko arrautza ekoizleak bildu eta indartsuago egiteko. 2021ean ekoizpenaren %80 hartzea dute xede, pixkanaka, ekoizpen modu alternatiboen alde eginez.

Bertakoak batuz, indar egiteko.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Batu egin behar da indar egiteko. Elikagaien merkatuan ere, gero eta gehiago. Arrautza ekoizleak biltzeko asmoz aurkeztu zuten atzo EuskalOvo Km0 kooperatiba, Bilbon. Izan ere, gero eta gehiago, enpresa eta banatzaile handiak ari dira tokikoaren lekua hartzen, nahiz eta gero eta zorrotzagoak izan ingurumena, ekoizpen moduak nahiz animalien ongizatea zaintzeko eskariak eta legeak. Zortzi bazkide dituzte oraingoz, ekoizpen modu guztietakoak, baina 2021erako hogei bat izango direla aurreikusi dute. Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrautza ekoizpenaren %80 inguru hartu asmo dute.

Europako Batasuneko herrialdeetan, 6,73 milioi tona arrautza kontsumitu ziren iaz; ekoitzitako 6,93 milioi tonak baino zerbait gutxiago. EBko 28etatik, ordea, bost estatuk hartzen dute ekoizpenaren erdia baino gehiago: Frantziak, Alemaniak, Italiak, Espainiak eta Erresuma Batuak. Euskal Herrian, ekoizle txikiak eta ertainak dira gehienak, eta, joerak ikusita, kalitatearen alde egitea besterik ez dute ekoizleek. Horretarako baldintzak betetzea ez da merkea, ordea.

2012a urte gakoa izan zen arrautza ekoizleentzat: EBk debekatu egin zituen kaiola konbentzionalak deitutakoak, kaiola aberastuengatik aldatzeko. Hau da, baldintza batzuk ezarri zituzten: gehienbat, oiloek espazio gehiago behar zutela —gutxienez, 750 koadro karratu oilo bakoitzak—, eta bestelako instalazio batzuk ere behar zituztela kaiolan, aztarrika egiteko nahiz gutxieneko higiene baldintzak betetzeko.

Debekua 1999tik iragarria zegoen arren, hamar estaturi belarritik tira egin behar izan zieten, beharrezko egokitzapenak ez zituztelako garaiz egin. Tartean ziren Espainia eta Frantzia. Inbertsio handiak egin behar izan zituzten ekoizleek, eta produkzioak behera egin zuen tarte batean, baina nahiko azkar egonkortu zen egoera. EBn, 2012tik 2013ra asko igo zen (%3,6), eta gero, motelago. 2016rako, %6,1eko gorakada izan zen legedia aldatu zutenetik.

Legedi aldaketarekin batera, kaioletatik bestelako ekoizpen moduetarako joera bat nabari da, nahiz eta txikia izan oraindik. 2016an, kaiola aberastuetan zeuden oiloen %55,6, lurrekoetan %25,7, landako oiloak ziren %14,1, eta modu ekologikoan hazitakoak %4,6. Bi urtean, bost puntu inguru jaitsi dira kaioletan daudenak; horietatik, lurrekoetara pasatu dira gehienak —kopuru osoaren %28,5 ziren iaz—, eta puntu bana egin dute gora landako oiloek eta ekologikoek.

Joera eta aldaketa horiek ez dira nahikoa animalien ongizatearen aldeko mugimenduen iritziz. Aurten, 1,5 milioi sinadura bildu dituzte, esaterako, Compasion in World Farming kanpainaren barruan, Europako Batzordeak animaliak hazteko kaiola guztiak debekatzeaz eztabaida dezan. Gutxieneko kopurua aise gainditu dute —milioi bat sinadura behar zituzten—, eta gogor kritikatu dute egoera: «300 milioi zerri, oilo, untxi, ahate, galeper eta txahal kaioletan espetxeratuta daude EBn». AEBetan ere ari dira norabide horretan: Washington estatuan, esaterako, lege bat atera zuten maiatzean, 2023rako kaiola guztiak debekatzeko asmoz.

Iparraldean, txikiagoak

EuskalOvo Km0-ren datuen arabera, gaur egun, EBko batez bestekoak baino zenbaki txikiagoak dituzte ekoizpen modu alternatiboek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. %69,5 hazten dira kaioletan, %15,10 lurrekoetan, %13,3 dira landa oiloak, eta soilik %2 ekologikoak. Kooperatibaren gaur egungo zortzi bazkideetatik, bat ari da ekologikoan, beste bat landa oiloekin, eta sei kaiolekin —horietatik lau, lurrean—.

Hori aldatzen hastea da kooperatibakoen asmoa. 2021erako aurreikusitakoaren arabera, bazkide berriekin zortzi ekoizle arituko dira ekologikoan, eta seina, landa oiloekin, lurreko kaiolekin eta ohikoekin. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ez ezik, Burgosen (Espainia) ere badute ekoizle bat, OVO12 kooperatibaren bidez. EuskalOvo Km0-ren barruan daude haiek ere.

Ipar Euskal Herrian, ez dago arrautza ekoizleen elkarte berezirik; Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartearen barne dira laborariak, tartean, arrautzekin ari direnak. ELB sindikatuko iturriek azaldu dutenez, ordea, etxe mailako ekoizpenak dira gehienak; hau da, oilo gutxi dituztenak eta salmenta zuzena egiten dutenak. Horiei ez die eragin azken urteetako legedia aldaketak, bestelako arazo eta erronka batzuk badituzten arren.

Industria handiekin duten gatazka hori azalarazi izan da, ordea; adibidez, hegazti gripearen harira. Lau etxaldetako kabalak hil behar zituztela agindu zuen Pirinio Atlantikoeta prefetak duela bi urte —ahateak hazten zituzten gehienbat, baina oiloak ere bazituzten haietako batean—, azkenik, protesten ondorioz hori geratzea lortu zuten arren. Kontrolak areagotu zituzten, ordea, eta kostu handia izan zuten laborariek: 60.000 euro inguru, ELBren arabera. Erdia inguru departamenduak hartu zuen bere gain, baina «beste parte handi bat» sindikatuaren laguntzari esker ordaindu ahal izan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.