Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Inuitak: nola bizi hain klima hotzean

2017ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Ofizialki duela hiru egun, hots, abenduaren 21ean heldu zen negua gurera. Hotza nagusi den garai honi aurre egiteko, soinean hainbat arropa geruza jartzen ditugu, berogailua etengabe piztuta izaten dugu... Hala eta guztiz ere, badaude hotzak jota egoten direnak. Abenduko tenperaturei erreparatuz gero, Euskal Herriko hiribururik epelena Bilbo da; hotzena, berriz, Iruñea, batez besteko 5.5 ºC-ko tenperaturarekin. Beraz, hoztuta egoten direnek badaukate kexatzeko aitzakiarik.

Eta pertsona hozbera horiek Euskal Herrian bizi ordez Groenlandian biziko balira? Nuuk-en, Groenlandiako hiriburuan, abenduko batez besteko tenperatura-8 ºC-koa da; eta iparralderago dagoen Siorapaluk herrian -21 ºC-koa. Baina nola bizi daitezke pertsonak muturreko klima hotzetan? Galdera horren erantzuna han bizi diren inuit etniako genomak aztertzean aurkitu dute.

2015ean argitaratutako lan batean, Groenlandian bizi diren 191 inuiten genomak Europako eta Txinako gizabanakoen genomekin konparatu zituzten. Azterketa horrek erakutsi zuen 1.kromosoman, zehazki TBX15 genea dagoen gunean, inuitek aldaera berezi bat daukatela, gainontzeko populazioetan ia agertzen ez dena. Horri esker, inuitek ehun adipotsu berezi bat daukate, hotzaren presentzian UCP-1 proteina (ingelesezko uncoupled protein-1) adierazten duena. Eta hain zuzen ere, UCP-1 proteina gai da lipidoen oxidazioa edo degradazioa aprobetxatuz beroa ekoizteko.

Inuiten beste berezitasun bat da lipidotan oso aberatsak (guretzat aberatsegiak) diren dieta daukatela. Dieta mota horiek gure organismoarentzat oso kaltegarriak dira. Alde batetik, estres oxidatiboa eragiten dute; eta, gainera, estres mota horrek DNAn mutazioak eragiten ditu. Hortaz, inuitek arazo horri ere aurre egin behar izan diote eboluzioan zehar bizirik irauteko. Kasu horretan, arrakasta inuiten genomako 11. kromosomari zor zaio, zehazki gantz azido aseen metabolismoan parte hartzen duten hiru gene kokatzen diren eremuan aurkitutako aldaera bati. Aldaera berezidun gene horiek gai dira gantz azidoak biologikoki aktiboak diren molekula bilakatzeko, eta, horrela, estres oxidatiboaren arazoa arintzeko.

Beraz, azterketa horrek argi eta garbi erakusten digu eboluzioak asmatutako trikimailuak baino gauza eraginkorragorik ez dagoela muturreko baldintzetan bizitza bermatzeko.Gogoan izan, aurtengo neguan arropa sendoa soinean daramazuela su ondoan hotzak bazaudete, errua zuen genomarena da! Ez dago-eta hotzetara behar bezala egokitua!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.