KRITIKA. Musika

Etxean

2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Biolina: Dmitri Makhtin. Biolontxeloa: Alexey Stadler. Egitaraua: Johannes Brahmsen Biolin, biolontxelo eta orkestrarako kontzertua op. 102 eta 2. sinfonia op. 73.Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Irailak 29.

Esan dezakegu Euskadiko Orkestrak etxeko goxotasunetik ekin diola denboraldi berriari, ongi menderatzen duen eta luzimendurako aukera ematen dion errepertorioarekin. Iaz Franz Schuberten sinfonia guztiak eman zituen (hedatze logistiko laudagarrian), eta aurten Johannes Brahmsen lau sinfoniak eta hiru kontzertu handi ekarri ditu Euskal Herriko oholtzetara, Brahms Fest izendatutako programaren barruan.

Asteazkenean Donostian izan zen emanaldiaren lehen zatiak bi bakarlari bikain bildu zituen Brahmsen Biolin, biolontxelo eta orkestrarako kontzertu konplexua eskaintzeko: Dmitri Makhtin biolinista, iaz egindako Beethovenen sonaten integralean hainbat aldiz entzuteko aukera izan genuena; eta Alexey Stadler biolontxelo jolea, nazioarteko jaialdietan estimatua eta sari zein beka ugari jasotzeagatik ezaguna. Brahms bizia marraztu zuten biek, orkestra distiratsua lagun. Allegro-aren gaiaren aniztasunean zein Andante-aren kontrastez betetako elkarrizketan, pieza honetan bereziki beharrezkoa den elkar ulertze sakona erakutsi zuten. Hirugarren mugimendua, rondó forman, dantza eta eztanda piztu zituen Robert Treviñoren batutak.

Bigarren zatian 2. sinfonia eskaini zuten, Brahmsen muturreko perfekzionismo eta berrikuspen beharrari aurre egin ziona, soilik hilabete batzuk eman baitzituen idazten; 1. sinfonia bukatzen, aldiz, hamalau urte. Bigarren sinfonia horren izaera arin eta handiak publiko donostiarra liluratu zuen, bere garaian vienarrak zoratu zituen bezala. Tronpak eta zurezko haizeak garbi lehen mugimenduan, Wiegenlied ospetsuaren adarkatzean hariak leun, eta fraseatze nabarmena oboeak Allegretto grazioso-an. Harien sekzioa beti trinkoa eta betea agertu zen, eite alegera galdu gabe, eta metalek handikiro gidatu zuten bukaera, aldarte garailean zuzendaritzarekin bat.

Besteren etxea norberarena bezain atsegina sentitzea anfitrioi paregabeen aurrean gaudelako seinalea izan ohi da: halakoak izan ziren EOko musikariak, eskuzabalak, adeitsuak. Eroso haiek, eta gozatzen gu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.