Zinemaldian estreinatuko dute 'El realismo socialista' pelikula argitaratu gabea

Raul Ruizek orain dela 50 urte sortu zuen lana, eta Valeria Sarmientok berregin eta amaitu du. Festibalaren Klasikoak sailean emango dute

Raul Ruiz eta Valeria Sarmiento zinemagileen El realismo socialista filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Erredakzioa
2023ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Donostiako 71. Zinemaldiak Klasikoak sailean erakutsiko du Raul Ruiz zinemagile txiletarraren El realismo socialista (1973-2023) film argitaratu gabearen munduko estreinaldia. Duela mende erdi sortu zuen Ruizek filma, baina ez zuen amaitu, ezta sekula jendaurrean aurkeztu ere. Valeria Sarmiento zuzendari txiletarrak, zeina Ruizen alargun eta ohiko lankide ere izan zen, lana berreskuratu, berregin eta amaitu egin du. Eta hala, lehenbiziko aldiz ikusi ahal izango da orain, Donostian.

Jaialdiak azaldu duenez, langile mundua eta burgesia intelektual txikiaren mundua lotzen dira pelikulan, eta zehaztu du duela 50 urteko Txileko kolpe zibiko militarraren aurretik Salvador Allende Gobernuko presidenteak Unidad Popular ezkerreko koalizioa sortzeko gauzatu zuen prozesuaren «interpretazio satiriko gisa» pentsatu zuela egileak obra.

Kontakizun «koral bat» da filma, bi mundu kateatzen dituena. Batetik, langileen eta lumpenaren mundua agertzen du, zeinetan Lucho izeneko pertsonaia den protagonista; eta, bestetik, Unidad Popular koalizioaren aldeko intelektual talde baten gorabeherak erakusten ditu, burgesia txikiaren ordezkariak biltzen dituen fronte poetiko batenak, hain zuzen. «Une jakin batean, pertsonaia horiek gurutzatu eta adiskidetu egingo dira —ustez, behintzat—, baina indarkeria handiko eszenekin amaituko da harreman hori, garaiaren interpretazio satirikoa izanik».

Txileko zinemaren historian aipatu ohi diren izen nabarmenen artean dago Raul Ruizena (Puerto Montt, Txile, 1941-Paris, 2011). Bere ibilbide luzean hainbatetan jaso zuen aitortza bere lanengatik; besteak beste, Tres tristes tigres (1969) filmarekin Urrezko Lehoinabarra irabazi zuen Locarnoko zinema jaialdian, eta Genealogies d'un crime (1997) filmari esker, berriz, Zilarrezko Hartza eskuratu zuen Berlinalen. Halaber, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zituen bere lan nabarmenetako bi: Fado, majeur et mineur (1994) eta Mistérios de Lisboa (2010, Zilarrezko Maskorra zuzendaritza onenari).

Zinemaldia lehendik ere ezaguna du Valeria Sarmientok (Valparaiso, Txile, 1948). 30 film luze eta dokumentaletik gora zuzendu ditu bere ibilbidean, eta bere lehen lanarekin Notre mariage / Mi boda contigo (1984) izenekoarekin Errealizadore Berrientzako Donostia Sari Nagusia irabazi zuen jaialdian; geroago ere izan zen Zinemaldian; zehazki, As Linhas de Torres (Zabaltegi-Bereziak, 2012) eta Le cahier noir (Sail Ofiziala, 2018) lanekin. Halaber, Ruizekin elkarlanean aritu zen, film ugariren muntatzaile gisa.

Poetastros etxeak ekoitzi du El realismo socialista filma. Chamila Rodriguez aktore eta zuzendaria eta Galut Alarcon muntatzaile eta zuzendaria dira zinema ekoiztetxeko buruak, eta Ruizen hil osteko beste bi lan berreskuratu eta amaitzeko ardura ere izan zuten: La telenovela errante (2017), Locarnoko zinema jaialdiaren 70. aldian estreinatu zutena; eta El tango del viudo y su espejo deformante (2020), Berlinaleren 70. aldiko Forum sailean aurkeztua.

Zinemaldiak datozen egunetan jakinaraziko ditu Klasikoak saila osatuko duten beste filmen izenak. Zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak biltzen ditu atalak, eta bertsio zaharberrituetan erakusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.