Garai batekoaren omenaldia

Pandemia dela eta, bigarren urtez jarraian ez da San Prudentzio jairik ospatuko, baina erakundeek hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Arabako Aldundiak gogoratu du ez dela festarako garaia, baina bai «tradizioa omentzeko» eguna.

Aldundiak, atzo, Iradier Arenan antolatu zuen ekitaldia. RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2021eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Aurten, arabarrek ez dute bustitzeko beldurrik izango San Prudentziosantu txizatiaren egunean. Urtez urte, San Prudentzio egunaren bezperan kaleak danbor soinuez, festaz eta jendez betetzen dira, baina atzo, jaiegunaren bezperan, danborrak salbu egon ziren etxeetan. Egun handiari ongietorria egiten dioten erretretetan erabiltzen dituzten tronpetak eta dantzarien abarkak ere ez ziren kalera atera. Pandemiaren ondorioz, bigarren urtez jarraian hutsik egongo dira gaur Armentiako zelaiak ere. Izan ere, aurten ezin da «jaiez» hitz egin, Ana del Val Aldundiko Kultura diputatuak nabarmendu duenez. Hala ere, «tradizioa omentzeko» hainbat ekitaldi antolatu ziren atzo, eta gaurtik aurrera ere izango da zer ikusi. Hori bai, modu seguruan: ekitaldiak aterpean, eta herritarrak etxean.

Apirilaren 22an eman zien hasiera San Prudentzio egunaren inguruko ekitaldiei Maite Ruiz de Austri zinema zuzendariak. Iaz pregoia irakurri zuen, baina aurten Santa Maria katedralean bestelako ekitaldi bat gidatu zuen Ruiz de Austrik, eguna aurkezteko. Ondoren, Amaia Elizaran dantzariak emanaldi bat eskaini zuen Alos Quartet dantza taldearekin batera. Handik bi egunera, apirilaren 24an, Arabako kuadrillen inguruko erakusketa egon zen ikusgai, Probintzia plazan.

Atzo, berriz, San Prudentzio bezperan egin ohi dituzten ekitaldiak ikusteko aukera izan zen, beste modu batera bada ere. Joan den urtean, etxeko konfinamendua tartean zela, nork bere balkoitik danborra jotzearekin konformatu behar izan zuten herritarrek. Oraingoan, ordea, ohiko erretreta egin da: San Prudentzio egunaren bezperan egiten den ekitaldia, festari dei egiteko. Hala ere, arabarrek pantaila baten bidez ikusi behar izan dute. 19:00etan hasi zen atzo udalak antolatutako erretreta.

Udal Folklore Akademia eta Indarra dantza taldea elkarlanean aritu ziren, musika eta dantza tradizionala batu zituen ekitaldi batean. 150 lagunek izan zuten, aldez aurretiko gonbidapenen bitartez, ikuskizuna zuzenean ikusteko aukera. Hala ere, ikuskizuna streaming bidez ikusteko aukera ere izan zen. Iradier Arena aretoan 21:00etan egin zen bigarren erretretan, ordea, aulki guztiak hutsik geratu ziren. Ekitaldi osoa online eman zuten, baita Arabako leku ezberdinetan grabatu ziren erretretarako deiak ere: Añanako Gatz Haranean, Gorbeian, Sorginaren Txabolan eta Kexanan.

Leku bateko zein besteko hotsen artean, askotariko ekitaldiez gozatzeko aukera ere izan zen atzo: euskal dantzak, Gasteizko Danborradak sortutako ikuskizuna eta Iñaki Palacios musikariaren kontzertua, besteak beste. Aldundiaren aurrean egin ohi da ekitaldi hori, baina jendea ez pilatzeko asmoz egin dute Iradier Arenaren aldeko hautua.

Eguna bukatzeko, balkoietako danborrada berreskuratu nahi izan zuten Aldundiak eta Danborradaren Elkarte Gastronomikoek, joan den urtean egin zuten bezala. Etxeratze aginduaren ondoren egin zuten ospakizuna danborra zeramaten herritarrek. 22:15etik hasita, ordu erdiz hiriko zenbait balkoi eta leihotatik aditu zen danborren hotsa.

Gaur, berriz, goizean goiz hasiko da San Prudentzio eguna. Tradizioak agintzen duen bezala, Araba zortzikoa joko du Arabako Foru Aldundiko Txistulari bandak. Hala ere, herritarrek galarazia izango dute ekitaldian sartzea.

Armentia, berriro hutsik

Pandemiaren aurretik, Armentiako landetan ospatu ohi zuten gasteiztarrek San Prudentzio eguna, baina aurten ezin izango da ospakizunik egin. Izan ere, jendea ez pilatzeko asmoz, Armentiako sarbideak kontrolatuko dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak. Sartzeko eta irteteko eremu berezituak egongo dira aparkalekuan, eta Armentiara sartzeko bideak ere mugatuta egongo dira: bizilagunak, zerbitzu publikoak eta autobusak baino ezingo dira sartu. Zelaiak ere zedarritu egingo dituzte, eta edukiera mugatu egingo da. Maiatzaren 1ean ospatuko den Estibalizko Amaren egunean ere, San Prudentzio egunean ezarritako bide orriari jarraituko zaio, eta aurresku eta dantza solteko txapelketa baino ez da izango Iradier Arenan, eguerdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.