Armadaren itzal luzea

Armada da Pakistango erakunderik boteretsuena. Bonba nuklearraren jabe eta kanpo harremanetarako giltzarri dira militarrak. Herrialdea independente denetik sistema demokratikoa aztoratu dute.

Adrian Garcia.
2014ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Armadaren bihotza bete-betean jo du talibanen erasoak. Hura da herrialdeko erakunderik boteretsuena; herrialdearen historia laburrean agintariak kendu eta jarri ditu. Independentzia lortu bezain pronto borrokatu zen armada lehen gerran, 1947an, Indiaren aurka. Egonkortasunaren zaindari gisa ikusia izan da, indarkeriak maiz astindutako eskualdean. Bizilagunarekiko etengabeko gorroto-beldur harremanaz gain, beste hainbat faktorek ere egiten dute armada garrantzitsu estatuaren egituraketan: potentzia nuklearra da, bonba nuklearraren jabe. Gainera, kanpo harremanetarako giltzarri dira militarrak; AEBak eta gainontzeko Mendebaldeko potentzien arteko zubi lana egiten dute. Handia da armadaren itzala politikan; herrialdearen sorreratik esku hartu dute, eta sistema demokratikoa aztoratu. Hiru estatu kolpe arrakastatsuk hamarkadetako erregimen militarra ezarri dute Islamabaden. Halere, saioak eta konspirazioak askoz gehiago izan dira.

AEBak izan dira betidanik Pakistango armadaren goi kargudunen babesle kutunak. Gerra Hotzean hasieran. Sobietarrek Afganistan okupatu zutenean sakondu zen harremana. Baina Sobietar Batasuna desegin ondoren hoztu zen, eta zigor ekonomikoak jarri zizkion Washingtonek bonba atomikoa fabrikatzeagatik. Baina George W. Bush AEBetako presidentearen terrorismoaren aurkako gerra dela-eta berriro estutu ziren loturak. Urtean milioika dolarreko diru laguntza jasotzen du armadak.

1958ko estatu kolpearen ondotik ezarri zuten lehen aldiz gobernu militarra Pakistanen. Iskander Mirza jeneralak parlamentua desegin zuen, eta Feroz Khan Noon lehen ministroa kargugabetu. Hamahiru egun iraun zion botereak Mirzari, hark izendatutakoarmadako buruzagi Ayub Khanek kanporatu baitzuen.

1970ean egin zituzten lehenengoz bozak. Baina urte gutxiren buruan berriro hartu zuen boterea armadak, 1977ko kolpearen ostean. Zulfikar Ali Bhutto orduko lehen ministro eta haren PPP Pakistango Alderdi Popularrekoalderdikideak atxilotu zituzten militarrek, eta, Zia-ul-Haq jeneralaren agindupean (1977-1988), talde nazionalista zein erlijiosoak sustatu zituzten.

Musharraf jeneralak ere estatu kolpe baten ondotik eskuratu zuen boterea 1999an. Nawaz Sharif orduko lehen ministroa —egun kargu hori betetzen du— kartzelatu zuen. Kolpetik aldatu ziren Pakistanen kanpo harremanak haren agindupean. 2001eko irailaren 11ko erasoen ondotik, talibanen aurkako gerran Washingtonen aliatu nagusi bilakatu zen.

Baina etxean ez zuten egokiikusi AEBekiko lotura estutzea, eta beste arrazoi batzuk zirela medio, indarra galduz joan zen Musharraf. Meskita Gorriko istiluak, Auzitegi Goreneko presidentea kargugabetzeak eta Sharif erbestetik itzultzeak agintari kolpista ahuldu zuten. Hauteskundeetan boterea galduta, eta inhabilitazio mehatxua airean, Londresera erbesteratu zen.

Nahiz eta Bushek abiatutako inbasioa babestu, NATOk eta Afganistango Gobernuak leporatu izan diote Al-Qaeda eta talibanen aldeko milizien aurka nahikoa ez egitea. 2013an itzuli zen Pakistanera, boterea hartzeko asmoz. Saio ustela izan zen, ordea, ez baitzioten aurkezten utzi, eta haren alderdiak emaitza kaskarrak lortu zituen. Egun hainbat auzi zabalik ditu, besteak beste, 2007an larrialdi egoera ezarri eta 60 epaile atxilotzeko agintzeagatik eta Benazir Bhutto lehen ministro izandakoaren hilketan konspiratzeagatik.

Muga lausoen defentsan

Indiarekin ez ezik —lau gerratan borrokatu dira— ondoko beste herrialdeekin eta barruko beste nazioekin ere gatazkak izan ditu Islamabadek, eta horrek militarren beharra azaleratu eta haien eragina zabaldu du. Txinaren aurka, paxtuekin Afganistango mugan, Blangadeshko gerra, balutxe ekintzaileen zapalketa...

Bizilagunekiko konfiantzarik ezak, ekonomiaren gainbeherak, txirotasunak, ustelkeria endemikoak eta herrialde barruko sentsibilitateen arteko borrokek ez dute herrialdea egonkortzen uzten. Horregatik, krisi politikoek herrialdea astindu duten oro armadaren esku hartzearen itzala zabaltzen da Pakistanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.