Uraren kudeaketa. Rick Hogeboon. Water Footprint

«Elikagai batzuen esportazioa mugatu behar da»

R. H.
jokin sagarzazu
2023ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Water Footprint Networkeko buru izandako Arjen Hoekstra irakasleak sortu zuen aztarna hidrikoa kontzeptua, 2000ko hamarkadan, eta kontzeptu hori funtsezko tresna bihurtu da giza kontsumoak baliabide hidrikoetan duen eragina neurtzeko. 2019ko azaroan hil zen Hoekstra, eta Rick Hogeboonek hartu zuen lekukoa.

Ikusi gehiago:JATEN DUGUN LURRA

Zer egin dezake pertsona batek ur kontsumoa murrizteko?

Nekazaritzak eta bereziki animalia jatorriko produktuek dute aztarna hidrikorik handiena. Dieta begetarianoak %40 murrizten du hori. Baina uraren ikuspuntutik eraginkorra izateko, gertuko produktuekin eta ur eskaera handirik ez duten barazkiekin-eta egin behar da. Elikaduran ez ezik, arropetan ere ur asko galtzen da; kotoi produkzioan, adibidez. Hala, arropa luzaroago erabiltzea edo berrerabiltzea irtenbide ona izan daiteke. Eta energietan ere ur asko kontsumitzen da.

Posible al da aztarna hidrikorik ez izatea industrian?

Industriak erabat zirkularrak diren negozio ereduetara pasatu daitezke urari dagokionez. Teknologikoki bideragarria da. Hala ere, ura merkea, doakoa eta gutxietsia denez, zirkulartasunaren aldeko argudioa eta apustua ahula izaten da.

Nekazaritzaren helburua zein izan beharko litzateke?

Ur berdearen [euri urak] erabilera maximizatzea, ez baitu bestelako giza erabilerarik, eta ur urdinarena [biltegiratutakoa] minimizatzea. Zirkulartasuna ere oso garrantzitsua da. Adibidez, erabilitako ur batzuk nekazaritzan berrerabil daitezke, aurretik araztu ondoren.

Eta abeltzaintzan zer?

Haragi kontsumoa ez ezik, abeltzaintza eredua ere funtsezkoa da. Haragiaren aztarna hidriko handiena pentsuen ekoizpenetik dator. Abeltzaintza estentsiboan, abereek pentsu gutxiago jaten dute, eta ura belardietatik jasotzen dute askatik edan beharrean.

Zer egin dezakete gobernuek?

Gauza asko. Barne kontsumoan ekoizpen eraginkorrak arautzea eta sustatzea, nekazaritzan ur kontsumoa murrizteko teknologiak bultzatuz eta diru laguntzak emanez, edo eraginkortasunaren araberako ur erabilerarako baimenak emanez, adibidez.

Ur arazoak dituzten herrialde batzuek ur asko behar duten produktuak ekoizten dituzte. Jasangarria al da?

Gai delikatua da, herrialde batzuetan esportatutako produktuek lanpostu asko sortzen dituztelako eta diru sarrera handia direlako. Baina hori esanda ere, nazioarteko merkataritza fluxu horietako asko berrikusi behar dira. Nire ustez, ur asko kontsumitzen duten produktuen esportazioa mugatu behar da.

Baina egingarria ikusten duzu?

Gobernuek aukera dute merkataritza akordioak egiteko eta merkataritza bazkideak aukeratzeko, eta, adibidez, muga zergak jartzeko, beste lehengai batzuekin egiten duten moduan. Baina uraren ikuspegia ez da merkataritza erabakietan txertatzen, eta hala izan beharko luke. Ez da jasangarria Alemanian errazago ekoiztu ahal den fruitu edo barazki bat ur arazoak dituen beste herrialde batetik esportatzea.

Uraren gaia nazioarteko agendan dagoela uste duzu?

Ez behar beste, baina kezka badago. Martxoan, Nazio Batuen Erakundeak urari buruzko konferentzia bat antolatu zuen, berrogei urtean eginiko lehena, eta milaka lagun elkartu ziren han. Seinale argia izan zen.

Ikusi gehiago:Annelies Broekman: «Ura ezin da negoziatzeko ondasun bat izan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.