Eskura dauka Vuelta

Evenepoel nagusitu da Piornalen. Masen eraso guztiei erantzun die flandriarrak, eta azken metroetan erritmoa aldatuz irabazi du etapa

Evenepoel eta Mas, herenegun jokatutako etapan. JAVIER LIZON / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Txirrindularitzan izar handiek beren kabuz ateratzen dituzte babak eltzetik. Ausardiaz erantzuten diete aurkarien eraso guztiei, eta zirrikiturik txikiena ikusiz gero, garaipenaren bila abiatzen dira. Horrela nagusitu zen Remco Evenepoel (Quick-Step), atzo, Piornalen.

Enric Masek (Movistar) inoiz ez bezala estutu zuen maillot gorria. Haren bizitzako aukera du eskura mallorcarrak, bigarren baitago sailkapenean, eta lehenengo itzuli handia irabazi dezake. Hainbat eraso jo zizkion Movistarrekoak Piornalen gora (13,5 kilometro eta %5,6ko pendiza) Evenepoeli, baina liderrak sendotasuna erakutsi zuen une oro. Masen erasoei beste eraso batekin erantzuten zien flandriarrak, eta elkarri mokoka aritu ziren azken metroetaraino.

Aurrez, Joao Almeidak (UAE) urrutitik estutu zuen tropela, sailkapen nagusian postu batzuk aurrera egiteko asmoz. Mugimendu hori ez zitzaien gustatu Movistarri eta Astanari, eta bi taldeak erreleboka aritu ziren, portugaldarrak eta alboan zeuzkan taldekideek alde handirik atera ez zezaten. Hori liderrak berak aprobetxatu zuen, ez baitzion eraso bakar bati erantzun behar izan azken hamar kilometroetan sartu arte. Ordura arte ez zuen gehiegizko esfortzurik egin behar izan, eta indartsu iritsi zen etapa amaierara. Masen gurpilean joan, eta azken metroetan erritmoa aldatu. Horrela nagusitu zen flandriarra.

Evenepoelek 2.07ren aldea dauka orain Masekin, eta esku-eskura dauka lehen garaipena itzuli handi batean. Bi aukera ditu Masek flandriarrari maillot gorria lapurtzeko, eta biharko etapa izango da horretarako aproposena. Hala ere, gaurko etapak ere badu arriskua. Ibilbide laburra izango da, baina gogorra. Talavera de la Reinaren eta Pielagoko gainaren (14 kilometro eta %4,5eko pendiza) arteko zirkuitu bati aurre egingo diote txirrindulariek. Bi itzuli izango dira, 138 kilometroko distantzia laburrean. Estrategia oso garrantzitsua izango da, eta liderrak oso adi egon beharko du Pielagon .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.