Donostiako 82. Musika Hamabostaldia. KRITIKA. Kursaaleko Auditoriuma

'Toko no ma'

Mitsuko Uchida, artxiboko argazki batean. HYOU VIELZ.
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Mitsuko Uchida

Egitaraua: Franz Schuberten Lau Impromptu D. 935 eta Sonata sol maiorren D. 894.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma.Eguna: Abuztuak 22.

Mitsuko Uchida aurtengo Musika Hamabostaldian izan den bakarlari handien desfilera batu zen igandean, Franz Schuberti eskainitako programa eskuan. Pianista japoniarra gutxitan izan da gurean—udako jaialdian lehen aldiz— eta, hortaz, sarrerak aspaldi agortu ziren. Hala ere, besteetan gertatu izan den antzera, ulergaitza den aztura bitxi batengatik agian, hainbat besaulki hutsik zeuden Kursaalaren barruan, eta jendea kanpoan.

1827an idatzi zituen arren, D. 935 zenbakitzea daramaten lau Impromptu-ak ez ziren 1839ra arte argitaratu, Schubert hil ondoren. Gerora Robert Schumannek sorta hau egiaz sonata mozorrotua zela baieztatu zuen arren, ez dago zalantzarik lau piezek berariazko nortasuna dutela. Are gehiago Uchidaren sen eta gustu onak gidatzen baditu. Dotorea beti lehenengoaren gai nagusiaren itzultzean, esku gurutzaketetan zein eskuineko eskuak arpegio azkarretan hegan egiten duenean. Hirugarrenean ere aise, apaingarriz betetako bariazioetan, eta laugarrenean ere, teknika orbangabea eskatzen duten eskaletan eta hirudun pasarteetan.

Idatzi zituen hamabi sonaten artean, sol maiorrean dagoena (D. 894) bizirik zegoen bitartean argitaratu zuten azkena izan zen, Fantasia ezizenaz ere ezaguna dena; Schumannen iritziz, «forman eta kontzepzioan, perfektuena». Uchidak sonatari berezkoa zaion baretasuna bere egin eta pultsu lasaiaz gidatu zituen mugimenduak. Trioa nabarmenki mantso eta eder, presarik gabe, fraseatzea bukaerara arte zainduz, gero allegrettoan izaera ia pastorala berreskuratuz. Kontzertu osoan ikusi ahal izan zen esaldiak zehaztasun handiz brodatzen dituela, eta fintasun handiz amaitu, eskumuturraren jolas paregabean. Oso barnekoak zaizkion tempoak jarraitzen ditu gehienetan, baina publikoak garden antzematen dituenak. Posible eta nahi duelako.

Hartu-emanean aritu ziren partitura eta interpretea, eta, ohi denez, publikoa voyeur lotsagabe baten antzera arnasa hartu gabe so, Junichiro Tanizakik deskribatutako toko no ma baten aurrean balego bezala, itzalen sakontasuna noiz ulertuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.