Kinielak egiteko sasoia

Etzi hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoen fasea. Hiru saiotan erabakiko da zein den finalera sailkatuko den zortzikotea

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun

Bukaeraren atarian dago Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Abenduaren 15ean jantziko du txapela aurtengo txapeldunak, eta norgehiagoka horretan arituko den zortzikotea nork osatuko duen dago orain jokoan, igandean abiatuko den finalaurrekoen fasean. Hiru saiotan erabakiko da Bizkaiko hiriburuko Miribilla kiroldegian zeintzuk izango diren: Berrizen egingo dute lehen saioa, etzi; eta, Igorren eta Lekeition izango dira hilaren 25ean eta abenduaren 1ean. Hamazortzi bertsolari izango dira kantari datozen asteetako ekitaldietan, eta zortzik lortuko dute azken lehiarako sailkatzea.

Urrian abiatu zen txapelketako kanporaketa aldia, eta, orotara, 30 bertsolari izan dira kantuan bost kanporaketetan. Hamar sailkatu dira finalaurrekoetarako: kanporaketen irabazleak —Txaber Altube, Malen Amenabar, Oihana Bartra, Aitor Bizkarra eta Imanol Uria—, eta puntuazioz lehen bost sailkatuak —Eneko Abasolo Abarkas, Ander Elortegi, Julen Erezuma, Arrate Illaro eta Unai Mendiburu—. Azken-aurreko fasean sartuko da txapelketara 2016ko edizioan finalean izan zen zortzikotea ere. Hauek izan ziren Miribillan azken aldiz: Ibon Ajuriagogeaskoa, Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue, Beñat Ugartetxea eta Jone Uria.

Finalaurreko hiru saioen irabazleak eta puntu gehien bildu dituzten bost bertsolari izango dira finalean. Lekuek jantzi zuen txapela azken aldiz, eta ikusteko dago tituluari eusten dion.

Aurreko edizioan bezala, bi fasetan banatu dute aurtengoa ere: udaberrikoa eta udazkenekoa. Antolatzaileen esanetan, inoiz baino parte hartzaile gehiago izan dira lehian: guztira, 78 bertsolarik kantatu dute, eta horietako 23k lehen aldia izan dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.