Emozioak, oinarrizko ikasgaia

Adituek diotenez, errendimendu akademiko hobea lortzeko garaian ikasleen emozioek garrantzi handiagoa daukate memorizatzeko edo ulermenerako gaitasunak baino. Horregatik, emozioen kudeaketa presentzia handiagoa hartzen ari da ikasketa prozesuetan.

EIDER EIBAR.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Eskola bateko gela batean ikasten ari den ikasle talde bat —liburu edo pantaila baten aurrean—, eta haiei begira dagoen irakaslea. Irakaslea pentsatzen aritu liteke ea zer egin dezakeen ikasle horien errendimendu akademikoa hobetzeko, zer faktorek eragiten ote duten ikasketa prozesuan. Irakasten dituen edukiak barneratzen laguntzeko zer bide hartu behar duen hausnartzen egon daiteke, eta psikopedagogiaren eremuan egin diren ikerketetan topa lezake erantzuna. Irakasle horrek dituen galderei erantzuteko hamaika azterketa egin baitira orain arte, eta azken boladan erantzun argi bat ematen ari dira, gainera: arlo emozionalak gero eta pisu handiagoa duela, eta, kontrara, faktore kognitiboek gero eta txikiagoa. Hau da, ikasleen motibazioak eta ongizate emozionalak garrantzi handiagoa dutela errendimendu akademikoan, eta ikasgaiak memorizatzea ez dela hain eraginkorra. Erantzun horiek irakurrita, beraz, ikasgelako dinamika aldatzen has daiteke irakaslea.

Psikopedagogiaren eremuan egin diren ikerketetako bat da, esaterako, Aitor Aritzetarena. Psikologiako doktorea da, eta EHUko irakaslea; errendimendu akademikoan faktore askok eragiten dutela dio, baina tradizioz gaitasun kognitiboak lehenetsi direla: «Historikoki onartu da gaitasun mentalak edo kognitiboak eragina duela ikaslearen errendimenduan, baina bereziki errendimendu akademikoa gaitasun horiekin lotutako faktoreekin neurtu izan delako». Alegia, orain arte pentsatu izan da memoria zuenak, sintesirako gaitasuna zuenak edo abstrakziorako ahalmena zuenak izango zuela arrakasta akademikoa, baina azken urteetako ikerketek erakutsi dute ahalmen horiek ez direla nahikoak, nahiz eta garrantzia eduki dezaketen. «Haur batek emozioak erregulatzeko garaian daukan ahalmena ere garrantzitsua da; esaterako, argi erakutsi da azterketa batean haur batek estresa maneiatzeko duen gaitasunak eragina duela errendimendu akademikoan». Azken batean, emozioak orekatzeko gaitasuna duen ikasle batek kontzentratzeko gaitasun hobea izango du, eta horrek errendimenduari eragingo dio.

Familiaren testuingurua

Baina, ikasle bakoitzaren gaitasun kognitibo eta emozionalak ez ezik, testuinguruak ere eragina daukala azaldu du Aritzetak. Besteak beste, ikasgelako giro emozionalak. Duela lau urte argitaratu zuen ikerketa baten arabera, adimen emozional handiko ikasgela bateko errendimendu akademikoa hobea izan ohi da. «Ikasle baten errendimendua hobea izango da bere taldean modu egokian komunikatzen bada, gatazka gutxi badago, ikasleak elkarren artean errespetuz aritzen badira eta jazarpenik ez badago; gaitasun kognitibo berak dituen ikasle bat kontrako egoeran dagoen ikasgela batean balego, errendimendua txikitu egingo litzateke».

Ikerketa horretan ondorioztatu zuenez, ikasgelako testuinguru emozionala egokia bada, horrek ikasleari laguntzen dio ulertu behar duen materian hobeki kontzentratzen, eta informazioa hobeki prozesatzen. Era berean, irakaslearentzako ere onuragarriagoa da giro hori, azken batean irakatsi beharrekoa egokiago azaltzen baitu. «Gaitasun emozionala ez da funtsezkoa, baina oreka emozional egoki batek laguntzen du errendimendu akademiko hobea izaten».

Sandra Cid hezkuntzaren psikologiako doktorea da, eta, argitaratu berri duen doktore tesiaren arabera, ikasketa motak ere eragina dauka errendimendu akademikoan. DBHko eta Oinarrizko Lanbide Heziketako (OLH) ikasleen arteko alderaketa egin du, eta Aritzetarekin bat egin: arlo kognitiboak garrantzia du, baina emozionala funtsezkoa da. Tesian azaldu duenez, arlo kognitiboan DBHko ikasleek plangintzarako gaitasun handiagoa daukate OLHkoek baino, baita memoriarako eta arretarako gaitasun handiagoa ere. Arlo emozionalari erreparatuz gero ere, berdin: DBHkoek autoestimu pertsonal eta familiar handiagoa daukate, eta adimen emozional handiagoa. Hau da, ikasketa bat egin ala bestea egin, errendimenduan eragina izango du, eta hor «aldagai kognitibo eta emozionalak ikasteko joeraren oinarrian egon daitezke». Baina, Ciden ustez, «autoestimua funtsezkoa da». Dioenez, errendimendu akademikoaren muinean dago ikasleak bere buruarekiko daukan autoestimua, «norberak bere buruan sinesten duen ala ez». Horrek ikasteko motibazioa sortuko baitu.

Ikasgelatik aterata, ikasleari zuzenean eragiten dio etxean daukan giroak. Ikasgelakoak beste. Izan ere, haurren oreka emozionala etxeko giroak ere baldintzatu dezakeela dio Eider Goñi EHUko hezkuntzaren psikologiako irakasle eta Psikor ikerketa taldeko kideak. «Testuinguruko egoeran familiak zeresan handia dauka; zenbat eta maila ekonomiko eta kultural hobea izan, ikasle horiek orduan eta errendimendu hobea lortzen dute». Hau da, ikaslearen etxeko ekonomia ona bada, eta kultura baliabide ugari baldin badauzkate eskura, horrek guztiak eragina izan dezake haurraren hezkuntzan.

Sare publiko eta itunpekoen arteko aldeari ere begiratu dio tesi horri eusteko. Izan ere, sare publikoan aniztasun handiagoa dago, egoera umilagoan dauden ikasle gehiago, eta horrek errendimenduari eragiten dio. PISA txosteneko datuei tiraka, hala esan du: «Itunpeko eskolek eta eskola publikoek lortutako emaitzen artean aldeak daude, baina, maila sozialaren eragina kenduz gero, txostenak erakusten du ikastetxe sareak ez duela errendimenduan eragiten». Alegia, ikasleen etxeko baliabide ekonomikoek eragina daukate haien errendimenduan. Testuinguru baldintzatzaile horren eragina txikitzea zaila dela uste du Goñik. Izan ere, «horretarako lehenengo gizartea aldatu beharko litzateke, eta familia batzuek dituzten diru sarrerak hobetu».

Baina etxeko giroa ez dagokio alde sozioekonomikoari bakarrik; izan ere, ikerlariak dio familiaren heziketa estiloak ere eragina daukala. «Seme-alabekiko afektuak eta diziplina norainokoa den, horrek ere zeresana dauka; diziplina ezartzea baino eraginkorragoa da seme-alabekin komunikazio irekia edukitzea, afektua erakustea eta entzuten jakitea».

Ikaslea, subjektu aktibo

Testuinguruak ikaslearen gaitasun emozionalean eragin dezakeenez, ikasketa prozesuetan gero eta presenteago dago emozioen kudeaketa. Zigor Ibarzabal Ikastolen Elkarteko Hezkuntza arduraduna da, eta hala dio: «Egoera emozional afektibo ezegonkor batean dagoen pertsona bat ez dago prest ikasketa prozesu arrakastatsu baterako, eta horiek bideratzea litzateke lehentasuna». Alde horretatik, hezkuntza sisteman aldaketak egin direla dio: «Duela urte asko, hezitzaileen eta ikasleen arteko harremana errespetuan, diziplinan eta, kasu batzuetan, beldurrean oinarritzen zen; urteen poderioz, harreman hori aldatuz joan da, eta ezinbestekoa bihurtu da gertutasuna, ikasleen bizitzarekiko interesa erakustea, haren errealitatea ezagutzea». Ikaslea ezagutzeko eta haren zailtasunak identifikatzeko tresna bihurtu dira baliabide horiek, eta horrek «haren garapen pertsonal eta akademikoan laguntza egokiagoa emateko» aukera ematen duela dio.

Irakaskuntzaren erdian

Era berean, Nagore Iñurrategi Mondragon Unibertsitateko Huheziko hezkuntza graduetako irakasleak dio konpetentzia berriak garatu behar direla ikasketa prozesu arrakastatsu bat edukitzeko. «Maila altuko prozesu batzuk ulertzeko, prozesu kognitiboak beharrezkoak dira, eta hori beharrezkoa da; baina, ezinbestean, alderdi emozionalek asko eragiten dute ikaskuntza kalitatezkoa izateko». Hau da, «gaitasun kognitibo altua egonda, ez bada alderdi emozionala kontuan hartzen, irakaskuntza azalekoa izango da». Ildo horretan, motibazioa bilatuko duen ikasketa prozesua defendatu du, ikasten ikasteko konpetentzia garatzea. Testuinguru erreal edo simulatu batean ikasleak erantzunak bere gisara bilatzea litzateke, horrek «autokontzientzia eta autoerregulazio gaitasuna garatzen dituelako». Iñurrategiren ustez, ikasketa mota sakonagoa sortzen da modu horretan, eta horri esker pertsona autonomoagoak lortzen dira, konfiantza gehiago dutenak.

Adituek garbi azaldu duteemozioek gero eta garrantzi handiagoa hartuko dutela ikasketa prozesuan. Hori indarrean jartzea, beraz, ikasgelaren ardura duten ikastetxeei dagokiela dio Goñik. Eusko Jaurlaritzaren Heziberri hezkuntza proiektuak dio ikasleen arlo emozionala landu behar dela, eta, horregatik, konpetentzia horiek garatu behar direla gogorarazi du ikerlariak. «Baina irakasle eta eskolek kontuan hartu beharko dute ikasleen arlo emozionala lantzeko ez dela nahikoa material batzuk erabiltzea bakarrik; egunerokotasunean zeharka lantzen den zerbait da, ez soilik modu esplizituan eta modu planifikatuan. Gelan zerbait gertatzen bada, horri probetxua atera ahal zaio». Hau da, irakaskuntzaren erdigunean kokatu beharreko zerbait bihurtu behar dela arlo emozionala. Eta horrek, luzera begira, errendimendu akademiko hobea ekar dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.