Taulako pasiotik komunitatera

Euskal arte eszenikoen gaineko hausnarketa egin dute sektoreko profesionalek Baratza aretoan

Zurrunbilo jaialdiaren barruan egindako mahai ingurua, atzo, Baratza aretoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
«Gaur egungo Euskal Herrian, zergatik uztartu behar dira antzerkia eta euskara?». Iñaki Ziarrusta antzerkigileak galdera horrekin abiarazi du sektorearen gaineko gogoeta. Galdera horren eta beste hainbaten gainean aritu ziren hainbat eragile atzo, Baratza aretoan. Antzezleak, antzerkigileak, antzerki ikasleak, programatzaileak eta ikerlariak euskal arte eszenikoen nondik norakoak aztertu zituzten. Egungo egoeraren analisia, arte eszenikoek ematen dituzten aukerak, publikoarekiko harremana eta autokritika ez ziren falta izan Zurrunbilo euskal arte eszeniko garaikideen jaialdiaren barruan egindako mahai inguruan.

Bertan parte hartu zuten guztiek bat etorri ziren arte eszenikoek barruan duten indarra nabarmentzean. Hainbat ideia bota zituzten, ildo berean: bulkada, pasioa, droga, berehalako komunikazioa... Are, indar horri, antzezlean ez ezik, ikusleengan eragiteko balioa ere aitortu zioten. «Gauzak euskaraz gertatzean komunitatea sortzen da: manifestazioa da, ia, denak espazio berean egotea». Amancay Gaztañaga aktore eta antzerkigileak «tresna bat baino harago» doan zerbait moduan ikusten ditu arte eszenikoak, esan zuen. Gaineratu zuenez, iraultza feminista egiteko bide gisa hartu du antzerkia: «txikia», baina iraultza. «Bertatik zerbait aldatu badezaket, ondo; bideak markatu dizkidate, eta ari naiz saiatzen bide horiek nola apurtu».

Euskal Herriko arte eszenikoen iragana ere baliatu zuten, oraingo egoera aztertzeko. Idoia Gereñuk, Ekin eta joka. Azken ikerketak euskal teatroaz liburuko egileetako batek, gogora ekarri zituen 36ko gerra aurreko datu batzuk. Euskal Herrian, asteburu berean, ia 30 antzezlan eskaini ziren euskaraz. Gerrarekin eta diktadurarekin eten bat gertatu zen, baina. Eten hori beste esparruetan ere gertatu zela esan zuten Baratzan bildutakoek. Bertsolaritza jarri zuten adibide. Horren harira, bertso eskoletan egindako lana gogorarazi zuen Amaia Alvarezek, Ekin eta joka-ko koordinatzaileak —egileetako bat ere bada—: bertso eskoletan, bertsolariak prestatzetik, bertsozaleak sortzera pasatu dira. Hortik abiatuta, «ikusleen hezkuntzan» jarri zuen arreta Alvarezek.

Euskal arte eszenikoek ikusleei egiten dien ekarpenaren autokritika zorrotzak entzun ere ziren atzo. Unai Lopez de Armentiak, Baratza aretoa kudeatzen duen ParasiteKolektiboko kideak, ez zuen horren argi komunitatean eragiten denik. Ikusle «pasiboen» ideia jarri zuen mahai gainean: taulako proposamena jasotzera mugatzen direnak. Amancay Gaztañagaren ustez, komunitatean eragiteko aukera ematen dute arte eszenikoek: «Antzerkiak eskaini dezake ikusleek behar duten katarsi hori; erritu bat da». Haren ustez, «publikoarekin» lan egitea da gakoa, ez «publikoarentzat».

Militantzia

Idoia Gereñuk ikuslearen jarrera bera aipatu zuen atzo. «Ze ikusle doa eskuzabal?», galdetu zuen, eta erantsi, kasu batzuetan ikusle zenbait «militantzia euskaltzalea» dela-eta joaten direla emanaldietara: «Pertsona batzuk euskaraz delako joaten dira antzezlan batzuk ikustera, ez antzerkia delako». Programatzaile batek, berriz, gogoeta gisa esan zuen: antzerkia programatzeari utziko baliote, bere herrian protestarik ez litzatekeela izango.

Euskaraz lan egitearen zailtasunez ere mintzatu ziren atzoko hizlariak, hizkuntza gutxitua,ez-hegemonikoa den heinean. Horrekin lotuta, Maite Aizpurua Dantzertiko ikasleak eskatu zuen hausnartzeko euskal arte eszenikoetan egon daitezkeen beste harreman hegemoniko batzuen gainean: «Zer da euskal antzerkia egitea?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.