Erromantizismoa izango du ardatz Ganbera zikloak

Raquel Andueza sopranoaren eta Carlos Mena kontratenorraren kontzertuak bildu dituzte programazioan, besteak beste. Antzinako Musika zikloan, berriz, Trio Nacedo eta Susana Garcia de Salazar pianista arituko dira, besteak beste

Landarbasoko Kontari taldekoak, operaren entseguetan. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Nagore Garmendia Artano
Donostia
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Laster jarriko dira martxan Donostiako 84. Musika Hamabostaldiko Antzinako Musika eta Ganbera Musika zikloak: gaur hasiko da Antzinakoa, eta hilaren 10ean Ganberakoa. Bost kontzertuk osatuko dute ziklo bakoitza, eta San Telmo museoan izango dira denak, 20:30ean. Raquel Andueza sopranoak, Carlos Mena kontratenorrak eta Susana Garcia de Salazar piano joleak hartuko dute parte, besteak beste.

Erromantizismoko musika izango da Ganbera Musika zikloko protagonista nagusia. Hain zuzen ere, XVIII. mendetik XX. mendera doan eskaintza zabal bat izango da entzungai. Abuztuaren 10, 13, 17, 21 eta 23an izango dira zikloko emanaldiak, San Telmo museoko klaustroan, eta Euskal Herriko eta Espainiako bakarlari eta taldeak entzuteko aukera egongo da.

Cuarteto Trifoliumek irekiko du zikloa, abuztuaren 10ean, hari laukotearentzat idatzitako piezen errepaso batekin. 12an, Francisco Fernandez-Ruedak emango du kontzertua, Andoni Mercero biolinistarekin, Susana Garcia de Salazar piano jotzailearekin eta Trio Nacedo hirukotearekin batera. Musika britainiarrean oinarritutako On Wenlock Edge programa aurkeztuko dute. 17an, Cuarteto Bretonen txanda izango da. Tomas Breton konpositorearen obra bat egingo dute, eta Brahms hari laukotearen laguntza izango dute horretarako. 21ean, hiru emakume bakarlariren harien doinuek beteko dute museoko klaustroko oholtza: Judith Jauregi piano jotzailearenak, Soyoung Yoon biolin jotzailearenak eta Nadege Rochat biolontxelo jotzailearenak. Josu de Solaun piano jolearen eta Adolfo Gutierrez Arenas biolontxelo jolearen emanaldiarekin amaituko da zikloa, hilaren 23an.

Antzinatik, gaur egunera

1991n antolatu zuen lehen aldiz Antzinako Musika zikloa Donostiako Musika Hamabostaldiak, eta jaialdiko ziklorik arrakastatsuenetako bat da egun. 25 urtez baino gehiagoz, Santa Teresa komentuak hartu zituen zikloko kontzertuak, baina, komentuaren itxieragatik, San Telmo museora lekualdatu behar izan zuten. Europako antzinako musikako bakarlari eta talde nabarmenenak entzuteko espazioa bilakatu da urteotan, jaialdiko egunetan. Horietako bostez disfrutatzeko aukera egongo da, gaurtik hasita hilaren 27ra arte. Nazioarteko taldeak Euskal Herriko interpreteekin batera arituko dira oholtza gainean, hala nola Raquel Andueza sopranoarekin eta Carlos Mena kontratenorrarekin.

Tercia Realidad taldeak emango dio hasiera Antzinako Musika zikloari, gaur, Jorge Jimenez biolin jotzaileak gidatutako emanaldi batean. Farinelli konpositoreari egingo dio keinu, biolinerako piezak interpretatuz. Hilaren 9an, Brezza taldearen txanda izango da. Barrokoko inprobisazioaren tradizioan oinarrituko da Basilean (Suitza) sortutako taldea. Lehen aldia izango da bientzat Hamabostaldian, eta ikusleentzako dagoeneko ezagunak diren taldeen aurretik arituko dira.

Izan ere, Raquel Andueza sopranoaren txanda izango da hilaren 11n, eta ezaguna da dagoeneko jaialdian. Pozik agertu da bertan kantatzeko aukeraren inguruan, txikitatik joan izan baita zikloko kontzertuak entzutera. La Galania taldearekin batera eskainiko du emanaldia, Italiako eta Frantziako barrokoaren artearen trukeak eta eraginak erakusten dituen Seguace d'amore programa interpretatuko dute. Hilaren 19an, Carlos Mena kontratenorrak hartuko du lekukoa, Daniel Zapico tiorba jotzailearekin batera; XVI. eta XVII. mendeetako doinu frantsesen transkripzioak eskainiko dituzte. Zikloaren itxiera jaialdian berria den beste talde batek egingo du: Vivid Consorte taldeak, hain zuzen. Hiru austriar musikarik osatzen dute, eta beren ahotsekin uztartzen dituzte txirula doinuak, errenazimentuko musika oholtza gainera ekartzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.