EPAIAK

2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Hainbat dira hizkuntza eskakizunen aurkako azkenaldiko epaiak.

Erandiokoa. Orain dela aste gutxi jakin da Erandion (Bizkaia) behin-behinean ari zen udaltzain batek helegite baten bidez lortu nahi zuela betetzen ari zen lanpostuko hizkuntza eskakizunaren derrigortasuna atzera botatzea. B2 maila zen. Ez zuen lortu udalak bere eskea aintzat hartzerik, eta, auzitara jota, Bilboko Administrazio Auzien 1. Epaitegiak atzera bota zuen lanpostuari ezarritako hizkuntza eskakizunaren derrigortasuna.

Uliazpi fundaziokoa. Sententzia hartan erabilitako argudioak ez dira berriak. Uliazpi fundazioan lan egiteko hizkuntza eskakizunen kontra martxoan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen epaiko berak ziren. Fundazioak 34 zaintzaile kontratatzeko oposizioa antolatu zuen, eta euskarazko B2 titulua ezinbestekoa zen horietako 32 postutan, eta meritua beste bitan. Baina betekizuna bertan behera utzi zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.

Barakaldokoa. Antzeko ebazpen bat izan zen Barakaldon (Bizkaia) urte hasieran. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak udalaren aurka egin zuen, eta azpikontratatutako zerbitzuetan gutxieneko euskara maila eskatzearen aurka ebatzi. CCOO sindikatuak egin zuen lehiaketaren aurka, argudiatuta eskatutako hizkuntza betebeharrek ez zutela bat egiten errealitatearekin.

Laudiokoa. 2022ko otsailean polemika eragin zuen Laudioko (Araba) Udalaren aurkako ebazpenak, Ana Maria Martinez epaileak webgune batetik atera zituelako argudioak; besteak beste, euskara «munduko hizkuntzarik zailenen zerrendan bosgarrena dela» eta zenbait zerrendatan «lehena» dela.

Irungoa. Entzutetsua izan zen Irungo (Gipuzkoa) udaltzainena ere. 2021eko maiatzean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zituen udalak hamabi udaltzain postutarako ezarritako hizkuntz eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzaileak» zirela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.