Lau eta erdikoaren bi atariko eta debut bat, gaur, Azpeitian

2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Lau eta erdiko txapelketa astelehenean aurkeztuko dute, Bilbon, baina Asegarcek gaurko Azpeitian antolatu dituen bi atariko kanporaketak ikusita, lehiaketa gaur hasiko dela esan daiteke (22:00).Jaialdiko lehen partidan, Iñaki Artolak eta Asier Arteagak neurtuko dituzte indarrak; hirugarrenean, berriz, Unai Lasok eta Victor Estebanek. Jaialdi bikaina da, partida nagusian Jon Alberdi 19 urteko aurrelari azpeitiarrak profesional mailako debuta egingo baitu. Alberdik Albisu izango du lagun, eta Bengoetxea VI.a eta Untoria aurkari. Konpromiso handiko partida jarri diote.

Asegarcek atariko deigarriak antolatu baino beste biderik ez du izan. Lau eta erdiko egungo diseinuan, enpresa bakoitzeko sei pilotarik parte har dezakete bakarrik, eta Bilboko enpresak lau toki hartuak ditu: Olaizola II.a, Bengoetxea VI.a eta Urrutikoetxeak zerrendaburuak —iaz finalerdietarako sailkatu zirenak— eta Agirre iazko Bigarren Mailako txapelduna. Gauzak hala, esaterako, Victor iazko ezustekoak ez daki aurten parte hartuko duen. Errioxarrak Olaizola II.a eta Elezkano II.ari irabazi zien, eta finalerdietatik tanto gutxira gelditu zen.

Victorrek Unai Laso izango du aurkari gaur. Lasok ia ez du partida nagusirik jokatu udan. Beste partidan Artola udako sasoi bikaina luzatzen saiatuko da Arteagaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.