Errekaleorren eraisketa prestatzen hasteko agindu du Gasteizko alkateak

Eraisketa proiektua abiatzeko eskatu dio 21 Zabalguneari, «hori baita hurrengo urratsa». Auzi judiziala ebatzi gabe dago oraindik Gorenean

Joan den ostegunean istiluak izan ziren, argindarra moztu zutenean. G. RUBIO / ARP.
Samara Velte.
2017ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Errekaleor auzo okupatuko etxebizitzak birrintzeko lehen urratsa egin du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak: eraisketa prestatzen hasteko agindu dio 21 Zabalgunea hirigintza agentziari. Gasteizko Udaleko batzorde batean eman du erabakiaren berri: «Ez dago negoziaziorako aukerarik, beraz, auzoa desegin behar da. 21 Zabalguneari eskatu diogu eraisketa proiektua prestatzen has dadin, hori izango baita hurrengo urratsa».

Urtaranek joan den astean ere iragarri zuen Errekaleor lurrarekin berdintzeko asmoa, Iberdrolak bertan argindarra moztu ostean. Auzoa 2013tik dago okupatuta; urtez urte jende gehiago batu zaio, eta gaur egun adin guztietako 150 auzotar inguru ditu. Autogestioa aldarrikatzen dute, eta hainbat kultura, ekonomia eta gizarte jarduera antolatu ohi dituzte bertan; besteak beste, okindegia, haur eskola eta baratzea dauzkate. Auzoko etxebizitza guztien jabea 21 Zabalgunea da, udalaren agentzia: iazko martxoan erosi zion azkena bertan geratzen zen azken bizilagunari. Udalaren asmoa da gune horretan baratze ekologikoak egitea.

Desjabetze prozesu hori baliatuz sartu ziren 2013an lehenbiziko gazteak Errekaleorreko 26. atarian. 21 Zabalguneak salaketa ipini zien, eta auzia ebatzi gabe dago oraindik, Auzitegi Gorenean. Urtaranek ez du argitu auzibideak eraiste prozesua atzera dezakeen, ez eta zein epetan gertatzea nahi duen ere.

Ekainaren 3rako deialdia

Argindarra moztuz geroztik okerrera egin du udalaren eta Errekaleor Bizirik plataformaren arteko harremanak. Auzotarrek sare publikotik hartzen zuten argindarra; Urtaranek segurtasunaren izenean agindu zuen hura mozteko. Egun hartan istiluak sortu ziren, eta Ertzaintzak hiru herritar atxilotu zituen. Hiru egun geroago, hainbat pintaketa agertu ziren EAJren egoitza batean; Urtaranek haien erantzukizuna egotzi die Errekaleorko auzokideei.

Alde bakoitzak negoziatzeko borondate eskasa egozten dio besteari. Udalak Gasteiz hegoaldeko Aretxabaleta auzuneko etxebizitza huts batzuk eskaini zizkien auzokideei, trukean haiek birgaitzeko baldintzapean; keinua «paternalista eta asistentzialista» zela erantzun zioten Errekaleorrekoek. Ekainaren 3rako manifestaziora deitu dute, eta Euskal Herritik kanpoko hainbat gizarte eta okupa mugimenduren babesa ere jaso dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.