Jose Angel Valdes, 'Cote'. Eibarreko jokalaria

«Naturaltasuna eman behar zaio futbolari, Eibarren bezala»

Jose Angel Valdesek onartu du izaera bereziko jokalaria dela, sekula gustura ez dagoena, haserre eta petral. «Egoskorra» dela dio, eta, gauzak aztertzea ontzat badauka ere, badaki neurria jarri beharko liokeela

Aitor Manterola Garate.
Arrasate
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Ipurterrea, kabitu ezina, buruari mila eta bat buelta ematen dizkiona: horrelakoa da Eibarreko ezker hegaleko atzealdeko postuaren jabea: Jose Angel Valdes, Cote (Gijon, Espainia, 1989). Hirugarren denboraldia ari da osatzen taldean, eta «eroso» dagoela dio: «Eibarren gisako klubak gustatzen zaizkit, kideen artean giro ona dutenak».

Nola irabazi Real Madrili?

Aurreko sasoian bezala jokatuta. Zalantza gehiagorekin etorri ziren orduan, eta orain arreta handiagoarekin dabiltza ligan. Zaila izango da, eta lehenik eta behin guk gure jokoa egin beharko dugu. Bestela, jai izango dugu. Zorteak ere eragina izaten du talde handi hauen aurka. Bartzelonaren kontrako partidan, adibidez, lehen zatian ondo aritu ginen, baina 0-1 galtzen ari ginela joan ginen atsedenaldira.

Nola bizi izan zenuen Real Madrili Ipuruan 3-0 irabaztea?

Sekulakoa izan zen. Irabazia nengoen lehen ere, ez baina horrelako nagusitasunarekin. Klubarentzat eta herriarentzat gauza handia izan zen Real Madrili irabaztea, hainbesteko dirutza erabiltzen duen talde bati.

Zure lana aztertzen hasiz gero, zer diozu orain arte egindakoaz?

Gustura ari naiz. Partidak aztertuta, denetarik izaten ari naiz, bizitzan bezala: batzuetan ondo, eta besteetan ez hainbeste.

Zure ibilbidea ere halakoa ari da izaten: talde batzuetan, ondo, eta beste zenbaitetan, ez hainbeste. Nolako esperientzia izan zen Erromakoa, etxetik kanpo bizi izan zenuen aurrenekoa?

Aldaketa gogorra izan zen. Auzotik sekula atera gabea nintzen, eta kolpetik Erromaren moduko hiri handi batera joatea jauzi handia izan zen niretzat. Lehen hilabeteetan kosta egin zitzaidan moldatzea, eta, buru aldetik indar handiagoa eduki izan banu, hobeto moldatuko nintzatekeen. Orain, adinarekin, buruz hobeto nago, eta jokoan baino ez daukat arreta jarrita.

Realean bi denboraldi egin zenituen gero. Zer moduz?

Beti izango ditut hitz onak Realarentzat. Bi denboraldi oso on egin ziren, eta asko eskertuko dut beti, giro eta jende jatorra dagoelako han, zintzoa. Hala ere, minduta alde egin nuen, bertan segitu nahi nuelako.

Porto eta Vila-realetik igaro ondoren, Eibar azaldu zitzaizun, beste maila bateko taldea. Zergatik eman zenion baiezkoa?

Realaren antzekoa da jokalariak tratatzeko garaian, eta gustatzen zait gizatalde jatorretan egotea. Klubak ere horrelakoak gustatzen zaizkit, ni neu ere horrelakoa naizelako. Edozer gauzagatik drama bat sortzen duten lekuak ez ditut gogoko. Futbolari naturaltasuna eman behar zaio, eta Eibarren badago hori. Ikusten da zein ondo moldatzen garen guztiok. Eibarrek deitu zidanean, ez nengoen gauza asko eskatzeko, eta, gertukoa naizenez, hemengo talde batekin erraz egiten dudanez bat, Eibarren aukera atera zenean banekien erantzuna baiezkoa izango zela. Espero dut denbora askoan bertan jarraitzeko aukera edukitzea.

Honaino iristeko hasi egin behar izan zenuen, eta zer dela eta zara futbolari?

Aitona burugogorra izan zen nirekin, eta etxe inguruko parke batera eta eskola bateko jolas lekura eramaten ninduen baloiarekin jolastera. Gero, auzoko [Roces] taldean sartu ninduen, eta, gauzak ez zirenez oso ondo ateratzen ari, beste batera bideratu ninduen, alboko auzo batera. Hor hasi nintzen nabarmentzen, Sportingek fitxatu ninduen arte. Han egon nintzen 21 urte nituen arte. Berezko dohainak izango ditut futbolerako, ezer berezirik ez bainuen egin. Garrantzitsua da ez itsutzea Lehen Mailako jokalaria izateko gogoarekin, inork ez baitaki iritsiko zaren edo ez. Sportingeko lehen taldean jokatzeko aukera izan nuen, eta horixe zen nahi nuena. Gerora etorri den beste guztia pribilegiotzat daukat. Eskertzen dut aukera hauek guztiak eduki izana.

Futbola azken xehetasuneraino aztertu zalea omen zara.

Bizi egiten dut jokoa, eta batzuetan gehiegi. Jabetzen naiz egoera batzuei ez diedala hainbeste garrantzi eman behar. Buelta asko ematen dizkiet egoera guztiei, aurkariak niri egindakoei, nik egiten ditudanei eta abar. Futboleko kontuak dira azkenean, eta uste dut horrela behar duela. Aztertu eta pentsatu egin behar da aurkariak zer egin diezazukeen une oro, erne egoteko.

Askotan ikusten zaizu partidetan keinuak egiten, zerbait ondo egin ez duzulako. Gero kosta egiten zaizu berriz ere arreta jokoan jartzea?

Bai, asko. Astakirten bat naiz alde horretatik, eta asko haserretzen naiz nire buruarekin. Badakit onena dela datorren egoeran pentsatzen jartzea, baina egoskorra naiz, eta hobeto egin beharko nukeen egoera horretan itsutzen naiz.

Oihu asko egiten dizkizu Mendilibarrek.

Eguneroko kontua da, bai. Horrelakoa da, eta hasieran kosta egiten da, ez baduzu ezagutzen.

Pentsatu zenuen nora eta norengana etorri zinen?

Ez [barrezka]. Kosta egiten da ohitzea, baina gero lortzen da arreta zure lanean mantentzea. Oso bizia da, eta, nire kasuan, lortzen du ia partida osoan esna egotea, baita entrenamenduetan ere. Hasieran gogorra egin zitzaidan, baina eskertzen diot, denborarekin konturatu bainaiz nolako pertsona eta entrenatzaile ona den. Zelaitik kanpo, oso pertsona ona da, eta barruan, pasio handiz bizi du futbola. Horretan badugu antzik [barrezka]. Lortzen du jokalariak beren mailatik gora aritzea; hala dio jendeak, eta hori dohain handia da. Uste dut horrelakoak izan beharko luketela entrenatzaile guztiek, eta taldea haren izaeraren ispilua da. Urtero osatu behar izaten du taldea, jokalari onenak kentzen dizkigutelako, eta lortzen du. Eibarrek hari esker lortu du oreka, eta hazten segitzeko aukera ematen dio klubari.

Nola moldatzen zara atzelari lanetan, zelai erdian zaudetenean?

Moldatu egin behar izaten du. Ia inork ez du horrela jokatzen, eta ikasi egin behar dira Mendilibarren kontzeptuak. Aurkariek badakite non daukagun zuloa, baina partida asko irabazteko aukerak izaten ditugu horrela jokatzen dugulako. Konbentzitu egin nau, garbi esanda. Gainera, erasoan asko aritzeko aukera ematen dit; areatik gertu ibiltzen naiz, eta mesede egiten dio nire jokoari. Ondo egiten dugunean, aurkarientzat oso deserosoak gara, eta askotan egitea falta zaigu.

Zer kezka dituzu futboletik kanpo?

Saiatzen naiz besteen lekuan jartzen, eta gizarte honek kezkatzen nau, ez baitut garbi ikusten zer izango garen etorkizunean. Politikari hauekin ez goaz inora. Gaizki ikusten dut gizartea.

Bihar berriz ere hauteskundeak daude...

Gorrotoz beteriko mezuak esaten dabiltza, eta ez zait batere gustatzen, elkarren aurka jartzen gaituztelako. Arazo larria da, baina dena ondo iruditzen zaigu; herriek elkar hil dezakegu, politikariak hondartzan lasai dauden bitartean.

Asturiera, Asturias, zure hizkuntza eta zure herria, zertan dira orain?

Asturiar sentimendu handia daukat; Asturiasek ordezkatzen nau, baina erabat birrindu zuten. Lokartuta gaituzte Espainiako alderdi politikoek; galarazi egin digute gure meategietan hain geurea genuen borrokarako grina hura, eta erosoegi gaude orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.