Txetxu Rojo zendu da

Hamazazpi urtez aritu zen Athleticekin Lehenengo Mailan, eta, Iribarren atzetik, zuri-gorriekin partida gehien jokatu dituen jokalaria da

Txetxu Rojo, Athleticekin jokatutako partida batean. EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Jose Francisco Txetxu Rojo Arroita (Bilbo, 1947) Athleticeko jokalari izandakoa atzo hil zen, 75 urte zituela. 1965ean egin zuen debuta Athleticen lehen taldearekin, eta, 1982ra bitarte, zale zuri-gorrien ikur bat izan zen. Hamazazpi urtean Athleticen bakarrik jokatu zuen, eta talde zuri-gorriaren historian partida gehien jokatu dituzten jokalarietan bigarrena da (541 partida), Jose Angel Iribar taldekidearen atzetik soilik. Athleticekin Espainiako bi kopa irabazi zituen; 1969an, Elxen aurka (1-0), eta 1973an, Castelloren aurka(2-0). UEFAko txapeldunorde ere izan zen 1977an. Guztira 68 gol sartu zituen elastiko zuri-gorriarekin, eta euskal selekzioarekin ere jokatu zituen zenbait partida. Jokalaria izateaz gain, entrenatzaile lanetan ere aritu zen hainbat taldetan; besteak beste, Athleticen eta Osasunan.

Arratsalde iluna izan zen atzokoa Athleticeko zale askorentzat. Zazpiak aldera iritsi zen albistea, eta minutu gutxian bete zituen sare sozialak. «Handienetako bat» joan dela idatzi zuen Athleticek bere webgunean: «Txetxuren bihotzak bere gorputz hilkorrean taupadak egiteari utzi badio ere, betiko taupadaka jarraituko du zaleen bihotzetan», gaineratu zuen talde zuri-gorriak.

Hura omentzeko bi ekitaldi egin zituen Athleticek. 1982ko martxoaren 23an, San Mamesen agur partida bat prestatu zion Athleticek Ingalaterrako selekzioaren aurka Ingalaterrak klub baten aurka jokatzen zuen lehen aldia izan zen, futbola uztear zegoela eta. Bigarren omenaldia urte batzuk geroago iritsi zen, 2015ean. Urte hartan 50 urte bete ziren Rojok lehen taldearekin debuta egin zuenetik, eta 2015eko urrian ohorezko sakea egin zuen Athleticek Valentziaren aurka jokatutako neurketan, San Mamesen. Hirugarrena izango du orain, hil ostean. Athleticek atzo adierazi zuen «datozen orduetan» iragarriko zuela bere omenezko agurra nolakoa izango den.

18 urterekin egin zuen debuta, 1965ean, Piru Gainza entrenatzaile zela, eta hamazazpi urte luzez jokatu zuen elastiko zuri-gorriarekin. Jose Angel Rojo anaia ere taldekide izan zuen zazpi urtean. Athleticekin 68 gol sartu zituen arren, ez zen inoiz izan haren berezitasun nagusia. Jokalari moduan oso fina eta trebea zen baloiarekin, eta ezker hegaletik min handia egin ohi zien aurkariei 70eko hamarkadan. Abiadura eta baloiarekin zeukan trebezia baliatzen zituen, eta gol mordoxka bat oparitu zizkien haren taldekideei erdiraketak eginez.

Entrenatzaile moduan 1986-1987 denboraldian egin zuen debuta, Athleticen bigarren taldean, eta handik hiru urtera eseri zen lehen taldeko prestatzaile moduan San Mameseko aulkian. Urtebete iraun zuen karguan, baina, hamar urte geroago, 2000-2001eko denboraldian, berriro fitxatu zuen Athleticek. Osasuna, Zaragoza eta Celta ere zuzendu zituen, besteak beste, eta galiziarrekin Lehenengo Mailara igotzea lortu zuen 1991-1992ko denboraldian. 2004an zuzendu zuen azken kluba: Rayo Vallecano.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.