Katedralaren distira berria

Astelena pilotalekuko zoru lakarra iragana da. Tratamendu berezi batekin leundu dute, bost milimetro higatuz, eta askoz biziagoa da orain; adituen ustez, «Atano III.aren antzekoa».

Astelena pilotalekuaren zorua; argiak gehiago islatzen dira orain. E.PORTILLO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Astelena pilotalekuak itxura berria du, argiagoa. Ez dute argiteria aldatu, zorua baizik, eta orain ispilua dirudi. Zoru lakarra Katedralaren bereizgarrietako bat zen, eta, orain, kolpetik, bizi bilakatu da. Martin Alustiza EPELeko pilota hautatzailearen arabera, «erabat» aldatu da, eta orain Atano Donostiako pilotalekuaren antza du. Hark zoru bizienetakoa du.

Alustizak inor gutxik adina daki pilotalekuez. Bere ogibidea bakoitzaren ezaugarriak ezagutzea da, eta haietara egokitzen diren pilotak jartzea, eta orain eskemak aldatu beharko ditu. «Aurrekora ohituta nengoen; orain, pilota motelagoak jarri beharko ditut, zoruan asko ibiltzen baita pilota». Asperen gomendioari jarraikiz, Eibarko Udalak, pilotalekuaren jabeak, leundu egin du lurra. Bost milimetro jan dizkio, eta sartu eta berehala nabaritzen da argia gehiago islatzen dela. 1904an inauguraturiko pilotaleku horrek izan duen aldaketa garrantzitsuenetako bat da.

Alustizaren ustez, jokoa ere aldatuko da. «Erasoan jokatzeko aproposagoa da, eta defentsarako zailagoa. Lehen, defentsan iristeko denbora ematen zuen, eta orain, ez. Lehen, indarra behar zen tantoa egiteko; orain, ondo markatuz gero, pilota ibili egiten da». Buruz buruko finalerdi bat bertan jokatuko da, eta hautatzaileak pixka bat atzeratu du ordurako sorta jartzeko eguna. Igandean partida dago, eta atzo jarritako pilotak nola dabiltzan ikusi nahi du aurretik. Dena den, mesederako izango dela uste du. «Batez ere erregularragoa delako orain, bote txar gutxiago egongo dira, eta pilotak ez dira hainbeste higatuko. Hori garrantzitsua da, higatu ahala botea aldatzen zaielako».

Iker Irribarriak eta Victor Estebanek probatu zuten atzo, igandeko buruz buruko txapelketako partidarako aukeraketan, eta biek nabarmendu zuten zorua asko aldatu dela. Victorrek gustuko du. Irribarriak, aldiz, ez, bere ezaugarrietarako ez delako hain mesedegarria. Hura jotzailea da, eta orain ez da hainbesteko indarra behar erasoan min egiteko.

Jaka, lehiara

Buruz Buruko Txapelketako lehen fasea gaur hasiko da, Tolosan (19:30), Erik Jaka eta Iñaki Artolaren arteko partidarekin. Artolak 22-11 irabazi zion Axier Arteagari iragan astean; Jakak, berriz, lehen partida du. Jaka ikusgarri aritu dabinakako azken partidetan. Azken hamaseietatik hamabost irabazi ditu, eta partida bakarra galdu du 2019an. Irabazleak Joseba Ezkurdiaren aurka jokatuko du final-laurdenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.