Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Masek erran du ez zuela uste Polizia erreferenduma eragozten saiatuko zenik

Kataluniako presidente ohiak azaldu du Puigdemonti aholkuak eman zizkiola «bilera informaletan», eta «azkeneraino» saiatu zirela hitz egiten

Artur Mas Auzitegi Gorenetik ateratzen, atzo, Madrilen. LUCA PIERGIOVANNI / EFE.
mikel rodriguez
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Goreneko epaiketaren atzoko saioa ordezkari katalanen lekukotzekin hasi zen. Goizerako deitu zituzten Artur Mas Generalitateko presidente ohia eta Joan Tarda ERCk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea, eta arratsalderako, berriz, Marta Pascal PDeCAT alderdiaren koordinatzaile orokor ohia, Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidente ohia (2010-2015), eta Antonio Baños eta Eulalia Reguant CUPeko diputatu ohiak. Mas presidente zenean abiatu zen prozesu independentista (2010-2016), baina karguan egin zuenaz baino gehiago galdetu zioten utzi ondorengo urteez. Carles Puigdemont presidentearekin 2017ko erreferenduma baino lehen eta ondoren izan zuen harremanari buruz galdetu zioten gehienbat, eta hari aholkuak eman zizkiola azaldu zuen Masek. Horietako bat izan zen Espainiako Gobernuak erreferendum egunean har zezakeen jokabideari buruz uste zuena. «Esan nien: 'Ez pentsatu estatuak hain adimen gutxirekin jokatuko duela, eta mundu osoan kalte eginen dion irudi bat emanen duela'. Baina aitor dut erratu egin nuela».

Masek adierazi zuen bai bera, bai Puigdemont «azkenera arte» saiatu zirela Espainiako Gobernuarekin negoziatzen. «Baina hori posible izateko, beharrezkoa da beste aldean hitz egiteko prest dagoen norbait egotea». Masen agintaldian osatu zuen Generalitateak independentziarako Liburu Zuria (2014), eta presidente ohiak atzo erran zuen aurkeztu zuen egunean bertan bidali ziola ale bat Mariano Rajoy Espainiako orduko presidenteari. Masek 2016ko urtarrilean utzi zuen kargua, 2015eko hauteskundeen ondoren CUPek betoa paratu ziolako haren hautagaitzari. Javier Zaragoza fiskalak CUPen eraginari buruz galdetu zion Masi, baina presidente ohiak ez zion amua hartu. «Nik bi aukera nituen: joatea edo hauteskundeetara deitzea. Nahi nuelako joan nintzen».

Tarda, katalanez

Puigdemont presidente zenean eman zizkion aholkuez erran zuen «bilera informalak» egin zituztela. Bertzeak bertze, erreferendumera deitzeak zuen arriskuaz ohartarazi zion, Generalitateak «marko legal batean jarduteko ekimena» gal zezakeelako.

Masen aitzinetik deklaratu zuen Tardak. Katalanez mintzatzen hasi zitzaion herri akusazioaren abokatuari —Vox alderdi ultraeskuindarrarenari—, baina Manuel Marchena epaimahaiburuak debekatu egin zion. Epaiketarekin haserre agertu zen Tarda: «Mendekuan oinarritutako epaiketa bat da hau». Marchenak kargu hartu, eta erran zion lekukoek ezin dutela iritzirik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.