Frantziako Tourra Euskal Herrian

Polita ez, baina bai ona

Philipsenek esprint polemiko batean irabazi du Tourreko hirugarren etapa, Baionan. Adam Yates dabil lider oraindik. Txintxetak bota dituzte errepidean

Polita ez, baina bai ona.
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Suspense eta guzti irabazi zuen atzo Baionan Jasper Philipsenek (Alpecin). Aurtengo Tourreko lehen lehia izan zuten ziklistarik azkarrenek Lapurdiko hiriburuan, eta Philipsenek altxatu zituen besoak. Haatik, bisaia ilundu egin zitzaion gero, epaileek zalantzak zituztela jakitean. Flandriarraren esprinta ez zen garbia izan: bidea itxi zion Wout van Aerti (Jumbo). Hogei minutu luzez egon zen epaileen erabakiaren zain. Azkenean, hura jo zuten irabazletzat. Azken metroek eskuinera egiten zuten, eta errepidearen joeraren ondorioz egin zuen bazterrera Philipsenek. Ez zen haren garaipenik distiratsuena izan, baina bada baliotsuenetako bat, Tourrean lortua izanik. Atzetik Phil Bauhaus (Bahrain) eta Caleb Ewan (Lotto) izan zituen. Lidergoari inolako arazorik gabe eutsi zion Adam Yatesek (UAE).

Astelehen buruzuria izanagatik, herriak eta errepideak zalez josita izan ziren berriz ere. Zornotzan (Bizkaia) inork ez zuen galdu nahi izan etaparen irteera, eta, tropelak festa giroan ekin zion etapari, 13:00etan. Norgehiagokarik gabekoak izan ziren lehen zazpi kilometroak, eta, lehia hasi eta berehala, tropelari aurrea hartu zion Neilson Powlessek (Education). Laurent Pichon (Arkea) berehala iritsi zen mendiko liderraren gurpilera. Bi txirrindulari ez ziren aski tropela estu hartzeko, eta etaparen lehen zatiko ibilbidea aproposa zen ihesaldiak bidea egin zezan; alabaina, ez zen beste inor atera multzo nagusiaren gerizpetik. Indarrak gorde, eta, bide batez, kostaldeko parajeez gozatu zuten ziklistek, giro eguzkitsuaz lagunduta.

Etapak, hasieran, 187 kilometro eduki behar zituen, baina sei kilometro luzatu zuten, bukaeran Zuraidetik (Lapurdi) igaroz. Senpere (Lapurdi) inguruan zegoen tarte arriskutsu bat saihestu nahi izan zuten. Mendate guztiak etaparen lehen erdian igo zituzten: Trabakua, Merelludi, Itziar eta Orioko Benta (Gipuzkoa) ziren eguneko bost igoerak. Tontor guztietara Powless iritsi zen buruan: zazpi puntu gehiago zorrora. Umoretsu zegoen, eta mendateetan lorturiko uzta zaleekin ospatu zuen.

Mantso joan zen lasterketa. Aurreko bientzat ia ezinezkoa zen Baionako helmugarekin amets egitea, eta ez zuten gorputza gehiegi behartu. Tropelak bizpahiru minuturen aldea hartzen utzi zien, baina gehiagorik ez. Guztiz kontrolpean mantendu zituzten esprinterren taldeek. Mark Cavendishek (Astana) lanak izan zituen maldan gora, eta erritmoari jarraitu ezinik ibili zen tarte batez. Tadej Pogacar (UAE) ere atzera egin zuen, bizikletaz aldatu ahal izateko.

Victor Lafay (Cofidis) ere pozarren dabil, eta, Donostian etapa irabazi eta erregulartasunaren maillota jantzi ondotik, atzo puntu gehiago bildu zituen Debako (Gipuzkoa) tarteko helmugan. Pichon eta Powless igaro ziren lehen bi postuetan, eta hirugarren izan nahian, urrutitik eraso egitea deliberatu zuen Lafayk, esprintaren zain gelditu gabe. Hots, bezperako estrategia baliatu zuen berriro. Lafayk hanka altxatu zuen gero, tropelak harrapa zezan.

Berdin jokatu zuen Powlessek mendate guztiak gainditu ondoren. Egin beharrekoak eginda zituen jada. Hori horrela, Pichon bakarrik gelditu zen Donostian. Harentzat izan ziren Gipuzkoako hiriburuan bildu zen jendetzaren lehen txaloak. Bi minuturenerrenta zuen. Tropelean, hanka lurrera bota behar izan zuten hainbatek, zulatuen ondorioz. Igandean Hernani igaro ostean egin bezala, txintxetak jaurti zituzten errepidera, eta txirrindulariak arriskuan jarri.

Soudalen alferreko lana

Bidasoa ibaia zeharkatu, eta lasterketa buruan iritsi zen Pichon Lapurdira. Atzekoak, ordea, geroz eta gertuago zeuzkan. Esprinterren taldeak beren legea ezartzen hasi ziren, eta helmugarako 38 kilometro falta zirela harrapatu zuten Pichon, Donibane Lohizunetik (Lapurdi) pasatu eta gero. Hortik aurrera, ez zen beste ihesaldi saiakerarik izan. Tropelak bat eginik egin zituen Baionara iritsi arteko kilometro gorabeheratsuak. Helmugara hurbildu ahala, tentsioa nabarmen handitu zen. Esprinterrak ondo kokatu nahi zituzten beren taldeek, baina aurrean ez zegoen denentzako tokirik. Gainera, urduritasun berezia izaten da Tourreko lehen esprintetan. Zorionez, ez zen inor erori azkenean.

Gutxirengatik, hori bai. Adibidez, Kasper Asgreen (Soudal) erortzear izan zen azken kilometroan sartuta, Alpecin taldeko txirrindulariek ukitu zutenean. Soudal taldea agertu zen gehien tropelaren aurrealdean, baina azken-azkenean aurrea hartu zioten Philipsenen bideratzaileek. Mathieu van der Poelek eskura eman zion garaipena Philipseni. Iaz bi etapa irabazi zituen Tourrean, eta aurtengo lehena zakuan du jada.

Bihar, Pirinioak

Oso laua izango da Tourreko laugarren etapa, Euskal Herritik kanpo jokatuko den aurrenekoa. Txirrindulariek 182 kilometro egingo dituzte Akize eta Nogaro artean, eta mendate bakarra igo, laugarren mailakoa. Helmugarako 27 kilometro falta direla utziko dute atzean. Esprinterrek aparteko arazorik gabe gainditu beharko lukete. Gero, abiada bizian lehiatuko dira Nogaroko autodromoan jarrita egongo den helmugan.

Bihar, berriz, igotzaileen txanda izango da, Pirinioetako lehen etapan. Paue eta Laruns lotuko ditu, eta tartean, tropela Euskal Herritik igaroko da berriro. 30 kilometroko barneraldi laburra egingo du Zuberoan: Berorizera iritsi, Atharratzeko kanpoaldetik pasatu, eta Liginaga, Ligi eta Urdatx zeharkatuko ditu. Garateko lepora iritsita, ziklistak Biarnon sartuko dira berriro.

Aldapan gora jarraituko dute beste lau kilometroan, Soudet gainera iritsi arte. Eguneko mendate gogorrena izango da; Ichere igoko dute hurrena, eta, bukatzeko, Marie Blanque. Gainsariak egongo dira han, eta hortik 18,5 kilometrora egongo da helmuga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.