Donostiako 82. Musika Hamabostaldia

Bakarkako errezitala Mompouren omenez

Stephen Hough pianista bigarren aldiz etorri da Musika Hamabostaldira. Gaur interpretatuko du Monpouren 'Musika isila' San Telmo museoan

Stephen Hough pianista, atzo, kontzertuaren aurkezpenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
2013an bisitatu zuen azkeneko aldiz Stephen Hough pianistak (Heswall, Erresuma Batua, 1961) Donostiako Musika Hamabostaldia. Zortzi urte igaro ondoren, jaialdian parte hartzeko aukera izan du berriro ere; oraingo honetan, Frederic Mompou konpositorea omenduko du, haren Musika isila izeneko obra interpretatuz. San Telmo museoan egin ohi den Ganbera Musika Zikloko programaren barruan emango du gaur kontzertua, museoko klaustroan, 19:30ean. Atzo egin zuen emanaldiaren aurkezpena, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariarekin batera.

Jaialdian izan zen lehenengo aldian, Scottish Chamber Orchestra eta Robert Ticciatirekin batera aritu zen, eta Felix Mendelssohnen Pianorako 1. kontzertua interpretatu zuten. Gaur bakarrik arituko da museoko klaustroan, Alfayaren esanetan «Musika isila interpretatzeko lekurik egokienean». Mompouren obra «lasaitasunaren sinonimo» dela azpimarratu du Houghek, eta azaldu du «isiltasuna eta bakea» transmititzen duen leku bat nahi zuela bere lana interpretatzeko.

Bakarkako errezital bat emango du, eta programa osoa Musika isila obrari eskainiko dio. Obra «introspektiboa, pertsonala, eta naturala» dela azaldu du, «batzuentzat kantu bat bezalakoa, eta beste batzuentzat ukitu folkloriko bitxia duen dantza bat bezalakoa» dena. Tristura zertzeladak ere aurkitu daitezkeela aitortu du, baina gehienbat «ametsezkoa, melodikoa eta koloretsua» dela. Obra lau koadernok osatzen dute, eta ia bi hamarkadatan argitaratu zituen konpositoreak, 1959. eta 1967. urteen artean. Koaderno hauek 28 miniatura «liluragarri» jasotzen dituzte, eta haietan Mompouren estilo «delikatu eta inpresionista» agerian geratzen da. Houghek azaldu duenez, «sakon» maite ditu artistaren lanak, txikitatik lagun izan baititu: «Gogoan dut txikitan oparitu zidaten lehen diskoak egile katalanaren bi pieza zituela, beraz, Mozarten eta beste konpositore handien lanak baino lehenago entzun ditut Mompourenak».

Izen handiko artisten lanak gustuko baditu ere, harentzat artista horren obrak «magikoak» eta «umilak» dira, eta horrek egiten du hain berezi bere obra: «Bere txikian handia izatea lortu zuen Mompouk; horrek bihurtzen du berezi artista bat, nire ustez». Interpretatuko dituen 28 piezatan aurkitu daitekeena laburbiltzeko, musikatik harago doazela azaldu du: «Musika honetan ez dago zinismorik, ez poserik, ez trikimailu minimalistarik; dena benetakoa eta zintzoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.