Ane Garcia Lopez.
MELE

Catan

2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Mahai-jolasei hautsa kendu zien itxialdiak etxe askotan, eta normaltasun berri deiturikoan ere badirau horiekiko bizioak gurean. Bada jolas bat bereziki engantxatu gaituena, nahiz haren kaxako eslogana ez erakargarria izan gu bezalako gazte ezkertiar (ustez) progreentzat. Kolonizatu. Salerosi. Eraiki: hori da jolasaren helburua. Irla bat da joko-eremua, eta hura hartzeko 10 puntu eskuratu behar ditu irabazleak besteen kontura, zortea lagun eta hainbat maniobra zeken tarteko: lehengai mugatuen truke eta lapurreta interesatua, monopolio inposaketak, besteen bidea oztopatzea, eta herri eta hirien hazkuntza mugagabea.

Gure mahaian izandako hamaika partidetan, jokamolderik kapitalista eta zikinenak ikusi dizkiet lagunei, baita neure buruari ere, eta jokoaren izaerari berari egotzi dizkiogu: «jokoa horrelakoa da», «jokatzea erabaki baduzu, ezin zara arauez kexatu», «jokaldi hau itsusia da, baina jarrera onberarekin ezin irabazi».

Akaso ez duzue mahai-jolas hori ezagutzen, baina ez kezkatu, haren arauak ikasiak baitauzkagu dagoeneko: lehian eta etengabeko garapenean oinarritutako jolas erraldoi eta itxuragabean parte hartzen dugu egunero, nahi gabe ere kolonizatzen, salerosten eta eraikitzen, beste batzuen kontura eta geure bizitzen kaltetan. Jokoaren arauek gure jokamoldeak justifikatzen dituztelakoan, lasai bizi gara: «Inditex-eko arropa merkea da eta...», «Thailandiarako hegaldia txollo bat zen eta...». Egia da: zaila da amu horiei kosk ez egitea.

Jokoaren barruan zaudenean hura zalantzan jartzea ez omen da zilegi, baina arauek ez dute aurreikusten jokalariek aukera hori baliatzerik, eta akaso hortxe aurkituko dugu jolasa aldatzeko gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.