Ane Garcia Lopez.
MELE

Ederragorik ez da zu baino

2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Uda betea, jaioleku dudan kostako herri turistikoko poteo kalea jendez lepo. Nire herria izanagatik, ez dut inortxo ere ezagutzen. Inor ere ez. Bertakoa ez den lagun batekin noa, berak dio kriston-giroa-dago eta nik diot honek-nazka-ematen-du. Eta ohartzen naiz bertakoek udan sarri errepikatzen dugun esaldia dela: herriak nazka ematen du. Naz-ka.

Turismoaren masifikazioari heltzen dioten eztabaiden ildo ekonomikoari jarraituz, herriko gazteok ere alokairuaren eta kaƱaren prezioa izan ohi dugu kexen ardatz. Era berean, gure taberna zuloko haserreari erantzunez, sarri entzun behar izan dugu herri polit batean bizitzeak hau dakarrela: ordain ekonomikoa. Ederra dena esplotatu daiteke eta kitto: ustiaketaren aurrean ez duzu erantzuterik. Pentsamendu patriarkal eta kapitalista hutsa da, ongi pentsatuz gero.

Baina nik nazkaz hasi dut zutabe hau eta nazkan jarri nahi dut arreta, turismo masiboaren ondorio emozionalak lehen lerrora ekartzen ez baditugu hankamotza delako analisia. Nire herriarekiko nazka sentitzeak ere badu ordaina: espazioak jatearekin batera, udaro turismoaren ondorioz herriarekiko apatia eta gaitzespena sentitzeak herrigintzarako grina kentzen didalako. Eta galera hori askoz zailagoa da ikusten eta berreskuratzen. Herria desartikulatu egiten da, eskaparate bihurtzen.

Jakin nahiko nuke zenbat aldiz izan naizen ni fenomeno honen konplize beste herri eta herrialde batzuetara joan naizenean. Zenbat aldiz areagotu dudan herritar batek bere herriarekiko sentitzen zuen nazka. Eta jakin nahiko nuke zergatik garen gai gure herrian gertatzen dena argi eta garbi ikusi arren, gainerakoei beren lekuak ebasten jarraitzeko, lasai asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.