Ane Garcia Lopez.
MELE

Bertako

2022ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Bizitza honetako plazeretako bat da egiaztatzea publizitateak ez duela beti eraginik norberarengan. Izan ere, zaila da tentazioari eustea: termino katoliko kristauak baliatuz, deabruaren obra da publizitatea; termino komunistetan, kapitalismoarena. Publizitatea egitea da hitzak saltzea, hitzen boterea ustiatzeko giza psikologiaz zekenki baliatzea (salbuespenak salbuespen). Funtsean, publizitatea egitea da gure gizartearen gaineko irakurketa eta errelato konkretu bat taxutzea, zerbait saltzeko. Eta niri irakurketa eta errelatoen striptease-ak gustatzen zaizkit, gordin.

Har ditzagun bi adibide: Bertako eta Guuk. Haien iragarkiek oinarritzat duten kosmobisioak zera dio: «bertakoa» baloratzen dugu euskaldunok; hitzekoak gara; «gurea», «betikoa» nahi dugu, betirako... Zuotako asko ados egongo zarete erretratu horrekin agian, baina erabat murriztailea iruditzen zait niri: karikatura bat.

Beste adibide bat: Euskotreneko pantailatxoetako promo-bideoek honako pertsonak erakusten dituzte trena erabiltzen: 50-60 urte bueltako gizon mendizaleak, adin bertsuko emakumeak kapitalian konpretan, gazte parranderoak, enpresari itxurako gizona enpresa-parkean, gurpil aulkian doan pertsona bakarra. Oso ongi dago hori dena, baina ez dator bat trenak garraiatzen duen errealitatearekin: ez da pertsona arrazializatu bakar bat agertzen, eta lanera edo haurrak eskolara eramatera doan pertsona erdi-nekaturik ere ez. Aisialdian ageri da iragarkiko jende (ia) guztia. Azkenerako, bideo horiek etengabe ikusita, ondorioztatu dut trenean pertsona asko kabitzen dela, baina Eusko aurrizkian ez horrenbeste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.