Txerra Rodriguez.
MELE

Formak edukia baldintzatzen du

2022ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Formak edukia baldintzatzen du. Bo, ez beti; bo, ez derrigorrez. Baina, nire ustez, herri baten diseinuak kalea erabiltzeko moduak aldatzen ditu. Ez al duzu uste?

Jarri dezadan adibide bat. Bizi naizen auzoak forma obaloidea du, goitik eta behetik errepideak, eskuma aldean landagunea (gutxi barru botako ei dituzten baserri batzuk) eta ezker aldean harizti bat (eta haren ostean poligono bat, eta haren ostean herria). Plazan-edo piszina pribatua, padel pista eta umeentzako gune hesitu bat. Gainera, ez dago modurik lonjarik egiteko, pisuen azpiko aldean ez dagoelako horretarako aukerarik. Eta sarbide arina du auzoak autopistarako. Eta orain dela hamar bat urte eraiki zen (oraindik amaitu barik dago guztiz).

Eta horrek zer dakar? Ba, lo egiteko auzoa izatea (bo, aireportuko zaratak entzuten ez badituzu behintzat). Kaleek bakarrik balio dute autoetarako (espaloiak badira, baina ez dago nora joan): ikusten dira patin eta bizikleta elektrikoak, eta oinez hara eta hona dabiltzanak, paseoan (goizean jubilatuak batez ere). Harreman komunitarioak txakur jabeek eta ume txikien gurasoek dituzte. Gainera, zulo beltz bat bezalakoa da. Derion askotan esaten da: urliak edo berendiak hariztia gurutzatu zuen eta ez zaio berriro herritik ikusi.

Formak edukia baldintzatzen du. Zelan sustatu auzo honen tankerakoetan (eta gero eta gehiago dira, Hego zein Ipar) auzokideen arteko harremanak? Eta pertenentzia sentimendua? Eta indibidualismoa eta kontsumismoa ez dena? Eta ez dezagun berbarik egin euskararen erabileraz, ekologismoaz (auzokide batzuk autoz joaten dira zaborrontzietara!) edo emakumeen segurtasunaz, jakina.

Formak edukia zeharo baldintzatzen duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.